Naiz
Donostia

Hasier Arraizen liburuaren inguruko solasaldiekin hasi dira

Kultur eragileak eta politikariak aurrez aurre jarriko ditu Arraizek ‘Maitasun keinu bat besterik ez’ liburuaren harira antolatu dituen mahai inguruetan. Izan ere, testuan politika eta literatura uztartzen ditu.

Harkaitz Cano, Jon Maia, Hasier Arraiz eta Garbiñe Biurrun, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Harkaitz Cano, Jon Maia, Hasier Arraiz eta Garbiñe Biurrun, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Hasier Arraitzen bi pasioak uztartzen dituen ‘Maitasun keinu bat besterik ez’ liburuaren aurkezpenaren harira, solasaldi sorta bat antolatu du politikari eta kultur eragileen artean. Izan ere, literaturaz eta politikaz hitz egiten du Erein argitaletxearekin argitaratu duen saiakeran.

‘Aurrerantz begiratu nahi duen maitasun keinua’ izenburupean momentuz hiru mahai inguru egingo dituzte. Lehena gaur izan da, Donostiako Tabakaleran. Bertan izan dira idazlea bera, Garbiñe Biurrun, Harkaitz Cano eta Jon Maia.

Bihar, berriz, Bilbon 19.00etan Kafe Antzokian izango dira Arraiz, Bingen Zupiria eta Goizalde Landabaso. Amaitzeko, uztailaren 2an, 19.00etan, idazlea, Miren Larrion, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin elkartuko dira Gasteizko Artium museoko Plaza aretoan.

Kontrakultura

Arraizek ekainaren hasieran aurkeztu zuen liburu berria. Saiakera bi zatitan dago banatuta; alde batetik 70. hamarkadan eta 80. hamarkadaren hasieran jaiotako idazleen inguruko analisia egiten du eta bestetik politikaz aritzen da, kontuan izanik beretzat dena dela politika eta dena kultura, eta horregatik bi gaiak etengabe nahasten direla.

Liburuan aipatzen dituen idazleak zein kulturako beste eragile batzuk ezagutzeko aukera izan du leku berdinetan mugitu izan direlako. «Garai honetako kultura kontrakultura izan da», ondorioztatu zuen aurkezpenan.