Naiz
Bilbo

Euskara Wikipedian presentzia gehien duten hizkuntzen artean 29. postuan kokatu da

Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu eta iaz 30 milioi bisita izan zituen, 2017an baino 5 milioi gehiago. 2.500 ikasle inguruk ia 800 artikulu berri sortu dituzte eta beste 1.200 inguru hobetu dituzte.

Lakuako, Euskal Wikilarien Elkarteko eta EHUko ordezkariek eman dituzte euskarazko Wikipediari buruzko xehetasunak. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Lakuako, Euskal Wikilarien Elkarteko eta EHUko ordezkariek eman dituzte euskarazko Wikipediari buruzko xehetasunak. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu gaur egun eta joan den urtean 30 milioi bisita izan zituen, 2017an baino 5 milioi gehiago. Modu honetan, artikulu kopuruaren arabera, Euskarazko Wikipedia 29. postuan dago, malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik, duela bi urte 31. postuan zegoen bitartean.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin, Euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordioaren arabera, Lakuak 200.000 euro inbertituko zituen, urtero, hiru urtez luzatuko zen proiektuan. Momentuz emaitza «nabarmenak» lortzen ari direla aurreratu dute gaurko agerraldian.

«Ingurune digitala eremu estrategikoa da euskararentzat, eta Euskarazko Wikipediaren inguruan bultzatzen ari garen elkarlana eredugarria gertatzen ari da», nabarmendu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Lankidetzan 12-16 urte bitarteko ikasleentzat lagungarriak izan daitezkeen kalitatezko 1.000 artikulu egotea adostu zuten. «Hasiera batean 1.000 artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori baino harago joango ginela. Arloz arlo artikulurik garrantzitsuenak zehazteari ekin genion. 1.700 artikulu atera zitzaizkigun lehen zerrenda batean eta orain darabilgun zerrendan 1.900 ditugu», azaldu du Euskal Wikilarien elkarteko kide den Edurne Agirrek.

Izan ere, proiektuaren baitan unibertsitateko 2.200 ikasle eta batxilergoko 300 ikasle artikulu berriak sortzen eta zaharrak hobetzen lanean aritu dira. Guztira 800 berri sortu eta 1.200 hobetu dituzte.

Haurrei zuzendutako Txikipedia ere bere bidea egiten hasi da. Duela urte batzuk Vikidia euskaraz sortu zuten baina bertan zeuden artikuluak laburrak eta kalitate eskasekoak ziren. Bisita gutxi jasotzen zituen gainera, eta horregatik Txikipediara pasatzea erabaki zuten 2018ko udaberrian. Atari berriak arrakasta handia izaten ari da ikastetxeen laguntzari esker (2.000 artikulu inguru ditu).