Naiz

G7aren karietara Donapaleun antolaturiko jardunaldiaren aitzinean protesta deitu dute

Munduko zazpi herrialde aberatsenetarikoak biltzen dituen taldeak agorrila hondarrean bilduko da Biarritzen. Horren karietara, hainbat erakundek eta eragile pribatuk sustaturiko «lurraldeari balorea emateko komiteak» ekimen ezberdinak antolatu ditu. Bihar Donapaleun globalizazioaren garaian tokiko dinamiken funtzioari buruz azterketa eginen dute. Hitzaldi horri begira G7aren aurkako sektoreek mobilizazioa deitu dute.

MIGeko egoitzan, Baionan, G7ren aurkako margoketak agertu ziren berriki. @Bob EDME
MIGeko egoitzan, Baionan, G7ren aurkako margoketak agertu ziren berriki. @Bob EDME

Donapaleuko Chemins Bideak gunean bilduko da, bihar 09.30etatik aurrera, G7 kari sorturiko «lurraldeari balorea emateko komiteak» antolaturiko hitzaldia.

Tokiko eta eskualdeko hautetsiek baita eremu ekonomikoaren hainbat ordezkarik parte hartuko dute globalizazioaren garaian tokiko dinamikek jokatu dezakete funtzioari buruz gogoeta egitea xede duen jardunaldian.

Nekazaritza ministroa han izanen da

Jardunaldia 9.30tan abiatuko da, Joel de Rosnay idazlearen hitzartze batekin. 10.30tan eztabaida zabalduko eta 12.30tan Didier Guillaume frantses Nekaritza ministroak diskurtsoa eginen du ekimenari amaiera emateko.

G7aren testuinguruan Estatu, Eskualde, Departamendu edota Biarritzeko Herriko Etxeak, alde batetik, eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganbara (MIG) gisako eragileek bestetik, hainbat ardatz hartu dituzte goi-bilerako antolatzaileek zabaldutako gidoiaren gainean hausnarketa egiteko.

Hala nola, iragan ekainaren 14an G7ak Biarritzeko gailurrari begira zehazturiko «gizon-emazteen arteko berdintasun» gaiari ekin zioten MIGko egoitzan, Baionan, antolaturiko jardunaldian.

«G7aren gailurretan parte hartzen duten herrialde aberatsenen politika kapitalistaren zerbitzuko erakustoki baizik ez direla» lehenik Baionan eta bihar Donapaleun antolaturiko ekimenak iritzita, goi-bileraren aurka dauden sektoreek protesta egitera deitu dute.

Prentsa-ohar baten bidez nabarmendu dutenez, «zazpi herrialde aberatsenen ordezkariek eta horien zerbitzariek berdintasuna aipatzea gutaz trufatzea da».

Hori dela-eta, bihar protesta zaratatsua antolatu dute, herritar oro kaxolekin azaltzeko, 08:00etan, Donapaleuko Airetik gelaren aparkalekuan gomita luzatuz. G7ari Ez plataformak bat egin du herritar talde horrek eginiko protesta deialdiarekin.