Dylan Teuns etapa irabazle eta Giulio Ciccone lider berria mendiko lehen jardunaldian

Ihesaldiak arrakasta izan du: Bahrain taldeko belgiarrak jaso ditu besoak La Planche des Belles Filles gogorrean eta Alaphilippek ezin izan dio eutsi maillot horiari. [Zuzeneko jarraipena eta sailkapenak]

Asier AIESTARAN|11/07/2019 17:58
Teuns
Dylan Teuns, helmugan sartzen (Anne-Christine POUJOULAT / AFP)

Dylan Teuns (Bahrain) izan da Tourreko seigarren etaparen irabazlea, 160 kilometro guztira Mulhouse eta La Planche des Belles Filles artean. Belgiarra ihesaldiko gizonik indartsuena izan da eta Giulio Ciccone italiarrari aurre hartu dio azken metroetan. Hori bai, italiarrak ere sari bikaina izan du, eguneko azken bi mendateetan lortutako gainsariei esker maillot horia janztea lortu duelako.

Gogotik saiatu da Julian Alaphilippe azken aldapetan tartea murriztu eta lidertzari eusten, baina frantziarrak sei segundogatik galdu egin du maillota. Faboritoen artean aldeak ez dira handiak izan, baina sentsazioak oso desberdinak izan dira.

Geraint Thomas, Thibaut Pinot edo Mikel Landa izan dira indartsuenak azken igoera horretan –arabarrak erasoa ere jo du hiru kilometroren faltan, nahiz eta arrakastarik ez izan–. Beste aldean, Romain Bardet aipatu behar da. Ag2r taldeko liderra ahul agertu da eta denbora dezente galdu du. Kruijswijk edo Enric Masek ere segundo eder batzuk galdu dituzte.

Bi borroka desberdin

Eguneko ihesaldia etapa hasi eta berehala sortu da. Hamargarren kilometrorako 14 txirrindularik aurrera egin dute:  Thomas de Gendt eta Tim Wellens (Lotto Soudal), Giulio Ciccone eta Julien Bernard (Trek), Xandro Meurisse eta Andrea Pasqualon (Wanty), Dylan Teuns (Bahrain), Nils Politt (Katusha), Natnael Berhane (Cofidis), Benoit Cosnefroy (Ag2r), Nikias Arndt (Sunweb), Serge Pauwels (CCC) Fabien Grellier (Total) eta André Greipel (Arkea).

Tropelak ez du ezer jakin nahi izan, eta ihesaldia tarteak azkar zabaltzen joan da. Alaphilippe liderraren Deceuninck taldea izan da kilometro askoan lana egin duen bakarra, eta abantaila ia bederatzi minutukoa izatera heldu da. Faboritoen artean Warren Barguil izan da arazoren bat izan duen bakarra, baina azkar egin du bat tropelarekin.

Ihesaldia etapa irabazteko aukerak ikusten hasi da, baina batera jarraitu dute lanean denbora askoan. Andre Greipel izan da lehen mailako Ballon d'Alsace mendatean atzean geratu den bakarra.

Baina etapak aurrera egin ahala tropelean ere gauzak aldatzen hasi dira, eta Ineosek lehenik eta Movistarrek gero erritmoa asko bizitu dute Col des Croix hirugarren mailako mendatean gora. Lehen mailako azken bi mendateen faltan, ihesaldiaren abantaila bost minutu eta erdira jaitsi da.

Aurrean Thomas de Gendt izan da bakarrik aurrera egiten saiatu dena. Col des Croix mendateko azken metroetan jo du erasoa, mendiko puntuak batzeko zirudien hasiera batean, baina metro batzuk hartu ditu eta ez da gelditu.

Atzean, ordea, borroka erabatekoa izan da Col des Chevreres azken aurreko mendate gogorrean gora. Trek taldeko bi gizonek sekulako erritmoa ipini dute eta ihesaldia zeharo apurtu dute. Aldaparik gogorrenean harrapatu dute De Gendt eta Giulio Ciccone, maillot horia janzteko aukera gehien zituen ziklista, izan da itxura onena eman duena. Italiarrarekin batera, Wellens, Teuns eta Meurisse sartu dira mendatea buruan pasa duen laukotean.

Tropelean Movistar izan da erritmo bizia jarri duena, Valverde bera ere tiraka ikusi dugu, eta bere lanak saria izan du: Wout Poels, mendian Bernal eta Thomasen laguntzaile nagusietakoa izan behar duena, atzean geratu da erabat jota. Ihesaldiaren abantaila lau minutukoa zen.

Azken igoera

Horrela iritsi da lasterketa La Planche des Belles Filles azken mendate gogorrera. Aurrean ihes egindakoak ez dira ongi elkar ulertu hasiera batean –besteek Cicconeri utzi diote lana egiteko erantzukizuna, baina italiarrak nahiago izan du bakarrik aurrera egin–, eta atzean, aldiz, sekulako sua ipini du Movistarrek tropel buruan.

Warren Barguil bera izan da azken mendatean erasoa jo duen lehen izen garrantzitsua, hiru kilometroren faltan. Baina Mikel Landa izan da benetan sua ireki duena. Arabarrak ia minutu erdiko abantaila izan du une batean, baina Groupama taldeko David Gaudu eta Thibaut Pinot igotzaileek ez diote aukerarik eman.

Aurrean, garaipena Teuns eta Cicconek jokatu dute. Etapa belgiarrarentzat izan da, baina italiarrak ere sari potoloa lortu du: maillot horia.

Atzean Alaphilippe saiatu da aurrera egin eta maillotari eusten, baina ez du lortu. Berekin batera, Geraint Thomas izan da metro batzuk hartu dituena, maila bikaina erakutsiz, baina faborito gehienak gertu izan ditu eta aldeak ez dira handiegiak izan.