NAIZ

Gatazkak datorren ikasturteari ez eragiteko lan egingo duela agindu du Kristau Eskolak

Jendarteko eta hezkuntzako hainbat eragilerekin batera gatazkan dauden alde guztiak asebeteko dituen akordio bat lortzeko ahaleginean ari dela adierazi du Kristau Eskolak. Heldu den kurtsoari begira, ikasleen martxari ez eragiteko eta normaltasunez lan egiteko «beharrezko kudeaketa guztiak» egiten jarraituko duela agindu du.

Kristau Eskola eta sindikatuak bileran, joan den maiatzean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Kristau Eskola eta sindikatuak bileran, joan den maiatzean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Kristau Eskolak jakinarazi du bere esku dagoen guztia egiten jarraitzen duela, gizarte eta hezkuntza alorreko hainbat eragilerekin batera gatazka konponduko duen akordio batera heltzeko eta, hala, datorren ikasturtea normaltasunez joateko. 2019-2020 kurtsoari begira, ikasleen martxari ez eragiteko eta normaltasunez lan egiteko «beharrezko kudeaketa guztiak» egiten jarraituko duela agindu du.

Berriro esan du ez duela gaitasunik bere kabuz sindikatuen eskaera ekonomikoei erantzuteko, «hirugarren batek parte hartu ezean» ezin dituela eskakizunak bete.

«Gatazka ikasgeletatik ateratzeko» eskea

Patronalak sindikatuei eskatu die «gatazka ikasgeletatik ateratzeko, ikasleei kaltea eragiten ez jarraitzeko». Bestalde, eskerrak eman dizkie sareko familia guztiei, «gure hezkuntza proiektuan konfiantza izaten jarraitzeagatik».

Zuzendaritza taldeak babestu dituzten ikastetxeetako langileei ere esker ona adierazi die Kristau Eskolak, «hezkuntza jarduerak normaltasunez jarrai zezan» saiatu direlako, sindikatuek grebarako deiak egin arren.

Kristau Eskolaren sarean 8.000 hezitzaile, 90.000 familia eta 131 ikastetxe daude Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban.