Naiz
Gasteiz

Sei interbentzio artistiko egingo dituzte Araban ‘Eskualdea’ komisariotza deialdiaren ostean

Leyre Goikoetxearen ‘Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma’ proiektuak hiru artistaren proposamenak batzen ditu. Honekin batera, beste hiru proiektu hautatu dituzte deialdi publikoan jendearen parte hartzea eskatzen dutenak.

Kuartangoko bainuetxea izango da intenbentzioak hartuko dituzten lekuetako bat. (NAIZ)
Kuartangoko bainuetxea izango da intenbentzioak hartuko dituzten lekuetako bat. (NAIZ)

‘Eskualdea’ deituriko Arabako komisariotza eta ekoizpen artistikoko deialdi publikoan Leyre Goikoetxearen ‘Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma’ proiektua hautatu dute. Horren baitan Anabel Quincoces, Belén Cerezo eta Miriam Isasi artistek hartuko dute parte. 

Deialdian beste hiru artistaren proposamenak aitortu dituzte, alegia, Raisa Alava, Oihane Amurrio eta Mario Paniegorenak. Hala, guztira sei interbentzio artistiko egingo dituzte Arabako gune desberdinetan, besteak beste Bastidan, Izkiko Parke Naturalean eta Añanako Gatz Haranean.

Balioespen Batzordeak proposamenek duten kalitate artistikoa, lurraldearekin duten lotura soziala eta kulturala, eta haiek gauzatzeko ezarri diren dinamika partizipatiboak azpimarratu ditu. Hautaturiko proiektuak 2019ko bigarren sei hilekoan zehar garatuko dira.

Deialdiaren helburuak sorkuntza-lan eta pentsamolde garaikidea Arabako gizartearen osotasunari hurbiltzea, arte-testuinguru arabarraren garapena bultzatzea eta baserriaren eta hiriaren munduaren arteko erlazioen gaineko hausnarketa sustatzea dira, proposamen berritzaileen, esperimentalen eta eraginkorren bitartez.

Interbentzioak

Leyre Goikoetxearen proposamena, ‘Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma’ lanak, hiru artistaren elkarlana behar du. Belaunaldi desberdinekoak dira, eta ikuspuntu desberdinak dituzte mundu naturalaren inguruan.

Hala, Miriam Isasik ‘Carpinteros’ interbentzioa Izkiko Parke Naturalean egingo du. Performance bat egin eta grabatuko du. Anabel Quincocesek ‘Memorias de azufre y sal’ proposatzen du, Kuartangoko bainuetxeko ur sufretsuak eta Gatz Haraneko ur gaziak uztartuz. Esparru horietan beirazko eskulturak jarriko ditu. Azkenik, Belen Cerezok ‘Presente continuo’ argazki, soinu eta bideo bilduma erakutsiko du Artziniegan, Bastidan, Kuartangon eta Añanako Gatzagan.

Hirukiaz aparte, beste hiru artistak euren proiektu solteak aurkeztuko dituzte: Raisa Alavak Amurrion egingo den zeramikazko lantegi parte hartzailea proposatzen du; Oihane Amurriok ‘El cuerpo traumado en un espacio’ hausnarketa-lan bat egingo du Bastidan gerora irudiak eta soinuak jasotzeko; eta Mario Paniegok bizitzako ‘Gidaliburua’ aurkeztuko du, zein lankidetzan osatzen joango den.