Jon Ormazabal

Ezkurdia-Zabaletak nagusitasun osoz irabazi dute udako lehen torneoa (8-22)

Etxarrengo atzelariak beste joko erakustaldi bat eman du. Aurkariei inolako aukerarik ez die eman eta pilotaririk onenaren saria ere eskuratu du.

Ezkurdia eta Zabaleta, garaikurrekin pozik (Idoia ZABALETA / FOKU)
Ezkurdia eta Zabaleta, garaikurrekin pozik (Idoia ZABALETA / FOKU)

Udako lehen torneoa aurkeztu zen egunetik bertatik denek jo zituzten Ezkurdia-Zabaleta garaipena eskuratzeko faborito nagusitzat, baina inork gutxik espero zuen halako nagusitasunez egingo zutenik. Sekula Iruñeko torneoan garaipenik lortu gabea zen Etxarrengo atzelaria –Ezkurdiarentzat hirugarrena da jarraian– eta gaurkoan, torneoa ez ezik, pilotaririk onenaren garaikurra ere eraman du etxera.

Izan ere, zalantza gutxi dago Jose Javier Zabaleta izan dela azken asteko pilotaririk indartsuena. Ostiral gauez joko bolada izugarrian den beste pilotari batek, Jokin Altunak, lan handiak eman zizkion, baina gainontzeko pilotariak xehatu egin ditu sakandarrak.

Ilusioz, eta aurkariei azken partidako nekeak erasango zien esperantzaz, joan dira Oinatz Bengoetxea eta profesionaletako lehen finala zuen Ander Imaz Labritera, baina 1-0 aurreratu diren arren, aurkariaren joko bikainari txalo egitea baino ez zaie geratu.

Izan ere, hasiera-hasieratik hartu dute iazko Binakakoaren txapeldunek partidaren agintea eta beste maila batean aritu dira. Zabaletak erabat agindu du atzean eta asko arriskatu beharrik gabe, Joseba Ezkurdiak bikain aprobetxatu ditu bere atzelariak sortu dizkion aukerak.

Saiatu da Oinatz Bengoetxea arriskatuz eta sakearekin jokoa nahasten, baina alperrik izan da aurkarien nagusitasunaren aurrean.