Estanpazio sistema adimendun berriak aurkeztuko ditu Fagor Arrasatek Metalform China Azokan. 400 erakuslek hartuko dute parte konformazio sektoreko azokarik handienean, Shangain, bihartik larunbatera arte.
Industria 4.0rako irtenbideak izango dira nagusi Fagor Arrasateren postuan. Estanpazio sistemetan mundu mailako ekoizlea da, eta estanpazio adimenduna plazaratuko du.
Honako soluzioak aurkeztuko ditu, zehazki: 4.0 FA Link MAP, Smart Connect eta Digital Twin. Horiei esker prozesuak optimizatuko ditu, produktibitatea handitu, instalazioak ikuskatu eta produktuen azken kalitatea hobetu. Sistema horiek eskaintzen duten 24/7 konektibitateak piezen trazabilitate zehatza posible egiten dute eta momentu oro ekipamenduaren funtzionamenduaren parametro guztien berri izateko aukera ematen dute.
Shangaiko ekitaldia Txinako konformazio industriako azokarik handiena da. Txinako Konformatze Industriaren Konfederazioak (CCMI) antolatzen du, eta automobilgintzako industriak presentzia handia du bertan. Azpimarratzekoa da Txina mundu mailako auto ekoizlerik handiena dela. 28 milioi unitate ekoitzi ditu 2018an, horietatik 1,1 milioi elektrikoak. 2030erako kopurua 11,6 milioikoa izatea espero da, Txinako Auto Ekoizleen Elkartearen (CAAM) aurreikuspenak kontuan hartuz.