Arnaitz Gorriti

Kirolbet Baskoniak Pierria Henry antolatzailea fitxatu du

Michael Eric lotu ostean, Kirolbet Baskoniak Pierria Henry 26 urteko joko antolatzailea lotu du. Azken urtean Errusiako Unics Kazan taldean jokatu du eta Eurocupeko finalerdietara iristea erdietsi du. Aurrez, Alemanian, Israelen eta Turkian ere badu eskarmentua.

Pierria henry, iazko Eurocupean Unics Kazan taldearekin jokatzen. (EUROCUPBASKETBALL.COM)
Pierria henry, iazko Eurocupean Unics Kazan taldearekin jokatzen. (EUROCUPBASKETBALL.COM)

Michael Eric pibota lotu ondoren, Kirolbet Baskonia Pierria Henry joko antolatzailea lotu du 2019/2020 denboraldiari begira. Azken ordura arte NBAn kontraturen bat lortu nahian ibili bada ere –zurrumurruen arabera, Phoenix Suns eta Minnesota Timberwolvesen lekurik izan zezakeen–, azkenean Gasteiza etorriko da 26 urteko eta 1,93 metroko antolatzaile estatubatuarra. Marcelinho Huertasek agur esan ondoren, Henry, Granger eta Vildozak osatuko du Saski Baskonia berriaren antolatzaile hirukotea.

Pasa den denboraldian Errusiako Unics Kazan taldeaz jokatu zuen. Eurocupeko fase erregularreko Jokalari Baliotsuena aukeratu zuten Henry 21 partidatan batez beste 10,4 puntu, 5,3 asistentzia eta 4 errebote lortu ondoren; Unics Kazan Eurocupeko finalerdietaraino eraman zuen. Errusiako VTB Ligan, 11,1 puntu, 4,2 asistentzia eta 3,7 errebote pilatu zituen batez beste.

Ez da hau Pierria Henry antolatzailearen esperientzia bakarra Europako lehiaketetan. Ipar Carolinako Unibertsitatean formakuntza amaitu zuenetik aurrera, Georgiako BC Viti Tiblisi taldearekin egin zuen debuta Europan, eta harrezkero Alemanian, Israelen eta Turkian ere ibilia da. Ratiopharm Ulm taldearekin egin zuen debuta Eurocupean gero handik Hapoel Eliat eta Tofas Bursa taldeetara jauzi egiteko. Unics Kazanen lan bikaina burutu ondoren, Euroligan debuta egingo du Saski Baskoniarekin.

2020ko Final Fourra, Kolonian

Bestetik, Euroligak 2020ko Final Fourra Alemaniako Kolonia hirian jokatuko dela baieztatu du. Joan den maiatzean Gasteizen ospatu ostean, «Euroliga zale berriei hurbiltzea» du xede Kolonia hautatzeak, Jordi Bertomeu Euroligako Idazkari Orokorraren hitzetan. Maiatzaren 22tik 24 ospatuko da berau, Lanxess Arena pabilioian.

Hau ez da Europako saskibaloirik onena Alemaniara hurbiltzen den aurreneko aldia. Hala, 1989an Yugoplastika mitikoak bere lehenengo titulua Munichen eskuratu zuen eta Dino Radja izan zen Jokalari Onenaren saria eraman zuena. 2009an, Panathinaikosek Moskuko CSKA gainditu zuen Berlingo Final Fourrean. 2016an, berriz ere Berlinen, Moskuko CSKA luzapenean nagusitu zitzaion Fenerbahçeri. Lauko Final hartan Saski Baskonia ere izan zen eta final handia jokatzetik oso gertu geratu zen talde gasteiztarra.

Gernika Bizkaia, Emakumeen Eurocupean

Bere aldetik, FIBAk Lointek Gernika Bizkaiak 2019/2020 Emakumeen Eurocupean jokatuko duela baieztatu du; hau da, ez duela inolako aurrekanporaketarik jokatu beharko. Hilaren 23an Munichen egingo den zozketan jakingo dute bizkaitarren zein talderen aurka jokatuko duten aurreneko faseko ligaxka.

40 taldek hartzen dute parte Emakumeen Eurocupean. Bidaia luzeegiak saiheste aldera, gertutasun geografikoa aintzat hartuta «Konferentzia» ezberdinetan egongo dira banatuta partehartzaileak. Gernika Bizkaia «2 Konferentzian» dago, Espainiako Valentzia Basket eta Perfumerias Avenida, Frantziako hiru talde, Hungariako lau klub, Belgikako beste hiru talde, Alemaniako bi talde eta Suitzako eta Portugalgo txapeldunekin batera.