Naiz

Edinburgoko udako jaialdiak, euskal sorkuntzaren zabalkunderako gune

Euskal artista, konpainia eta idazleak izango dira udan zehar Eskozian #ScotlandGoesBasque programaren baitan. Bi jaialditan izango dira, alde batetik arte eszenikoetan garrantzia handia duen Fringe festibalean eta, bestetik, Edinburgoko International Book Festival-ean.

Bilbon aurkeztu zuten atzo egitasmoa. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Bilbon aurkeztu zuten atzo egitasmoa. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

#ScotlandGoesBasque programa baliatuta, Etxepare Euskal Institutuak euskal sortzaileen talentua Eskozian ezagutzera ematen dihardu aurten: neguan musika, udaberrian zinea eta udan, aldiz, arte eszenikoak eta literatura izango dituzte hizpide euskal artistek.

Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdiak izango dira #ScotlandGoesBasque egitasmoaren mugarri berria. Abuztuan zehar, arte eszenikoen munduko topagunerik garrantzitsuena den Fringe erakusleiho aparta izango da euskal sortzaile eta interpreteentzat: Krego-Martín Danzak, Akira Yoshidak eta HQPCk elkarrekin aurkeztuko dituzte euren lanak Dance Basen izango den Basque Showcase delakoan; 2Theatre Assembly Roomsen jardungo da eta Edinburgoko kaleetan ikusgai izango dira Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizuna eta, estreinakoz, Atlantik 1050 euskal zein eskoziar dantza tradizionalen ikuskizuna.

Eta Edinburgon bertan, abuztuaren 10etik 18ra, euskal literatura gonbidatu berezia izango da Book Festival jaialdian; bertan jardungo duten idazleak dira Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte; eta horiekin batera eskoziar hiriburuan izango dira Joseba Etxegoien eta Eñaut Elorrieta musikariak.