naiz
Bilbo

‘Harro ez da €uropride’ lelopean, manifestazioa eginen dute Bilbon Irailaren 21ean

Harro! Transmaribibollo Plataformak «borroken arteko elkartasunera» dei egin du eta irailaren 21ean Bilboko Arriaga Plazatik 17.30ean aterako den manifestazioan jarri du hitzordua, bizkaitar hiriburuan hilaren 19tik 23ra European Pride Organisers Associatioek eginen duen bilera salatzeko.

Harro! plataformak manifestazioa deitu du irailaren 21erako Bilbon. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Harro! plataformak manifestazioa deitu du irailaren 21erako Bilbon. (Monika DEL VALLE / FOKU)

European Pride Organisers Associatioek (EPOA) Bilbon irailaren 19tik 23ra egingo duen bilera salatu asmoz, Harro! Transmaribibollo Plataformak, irailaren 21erako manifestazioa deitu dute. Plataformaren hitzetan, topaketa honen ondorioek «ez dute soilik Bilbon eta Bizkaian eragiten, baizik eta, jendarte eredu kapitalista baten interesei erantzunez, bere efektuak dagoeneko beste hiri eta herri batzuetan ikusten ari diren bezala ikusiko dira».

Bilera hau EAJk «bere proiektu neoliberala aurrera eramateko egin duen apostu argiaren» baitan kokatu du. «Hiriak eskaparate huts» bihurtzea leporatu diote EAJri eta, jakinarazi dutenez, EPOAren iraileko asanbladan, 2022an Bilbo EuroPridearen egoitza izango den ala ez erabakiko da. «Egun bizi dugun egoeran gure izena bazterretatik ateratzea lortu ez duten beste kolektiboekiko aplikatzen diren politika baztertzaileak estaltzeko erabiltzen da», adierazi dute.

Gay komunitateari beti ezarri zaion erosketa ahalmen handia ere aipatu dute. «EAJk ez du zalantzarik izan gure borroka bere agendan sartzen. Hori bai, beraien interesentzako. LGTB+ biztanleriaren interesentzako? Langabezian dauden pertsona transen %85ak logela bat ordaindu ahalko dute Donosti edo Bilboko LGTB+ hotel berrietan?», galdetu dute.

«Ez dugu onartuko prekarizatzen eta gentrifikatzen duen gayfriendly turismoa. Ez gure izenean. Ez dugu onartuko gu marka batean bihurtzea. Borroka bat onura ekonomiko eta interes politikorako xurgatzeko saiakera ez da berria, ez gure ez beste mugimenduetan ere: feminismoa edo ekologismoa era berdintsuan dira erabiliak konbenientziaz enpresa eta instituzioen aldetik. Ez gaude bakarrik, eta kapitalismoaren garapen suntsitzaileagalarazten jarraituko dugu», gehitu dute gaur egindako agerraldian. Honen aurrean, sareak ehuntzeko beharra azpimarratu dute. «Borroka hau zapalkuntza sistema desberdinek egozten dizkiguten kokapenen inguruan doa».

Hori dela-eta, Biarritzeko G7 gailurraren aurkako markoa probestuz, «borroken arteko elkartasunera» dei egin dute eta irailaren 21ean Bilboko Arriaga Plazatik 17.30ean aterako den manifestaziorako deialdia egin dute.