NAIZ

Egiari Zor fundazioak Estrasburgok hartutako erabakia «eskandalua» dela salatu du

Egiari Zor fundazioak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakiaren aurrean, «atsekabea» adierazi nahi izan du eta «errugabetasun presuntzioa urratzen ez dela kontsideratzeko ezarritako terminoak» oso larriak direla salatu du. Sortuk orain arte horrelako baieztapen larririk ez dela adierazi nabarmendu du eta «biktimak umiliatzeko» baino balio ez duela.

Egiari Zorrek «atsekabea» adierazi du EGEAk hartutako erabakiaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Egiari Zorrek «atsekabea» adierazi du EGEAk hartutako erabakiaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Egiari Zor fundazioak gaur Europako Giza Eskubideen Auzitegiak (EGEA) argitara emandako ebazpena baloratu du, GALen eta BVEen biktimen senitartekoek aurkeztutako demandari dagokiona, Gobernu espainiarrak ETAko kide izatea argudiatuta kalteordainen ordainketaren pareko trataera ukatu ostean.

Aurrekarietan murgilduz, fundazioak Gobernu espainiarrak, 2013. urtean, «Estatu Terrorismoak hildako biktimen senitartekoei jasotzea zegokien kalteordainen zati bat» ukatu egin ziela gogoratu du, eta beraz, «pareko trataera izatea giza eskubideen urraketa berberaren biktima izandako gainontzeko biktimen senitartekoekiko».

Horretarako, Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 8. artikulua hartu zuten oinarri, zeinak dioen posible izango dela «kalteordaina ukatzea edo murriztea biktimak edo eskatzaileak antolatutako delinkuentzian parte hartzen badu edo bortizkeriazko delituak egiten dituen erakunde bateko kide bada».

«Pertsona horiei bizitzeko zuten eskubidea urratu zieten, giza eskubideen urraketa larria, eta ez ziren sekula epaituak edo kondenatuak izan ETAko kide izateagatik», salatu du. Gainera, espainiar Barne Ministerioak hartutako kalteordainen parekatzea ukatzeko erabakia soilik «polizia txostenetan eta prentsan argitaratutako artikuluetan» oinarritu zela gaineratu du.

Horren harira, «Estatu espainiarraren sustapenpean praktikara eramandako guda zikinak hildako pertsonen senitartekoek, erabaki honekin, ulertu zuten beren senideen errugabetasun presuntziorako eskubidea urratzen zela, eta giza eskubideen urraketa larriak kategorizatzen ari zirela, zenbait eskubideren aitortzarako aintzat hartzen zelako biktimei bizitzeko eskubidea urratu zien biolentziaren jatorria», argudiatu du.

Hori dela eta, fundazioaren hitzetan, «biktimen senitartekoek erabaki zuten espainiar Estatuko justizia auzitegi ezberdinetara jotzea, Europako Giza Eskubideen Auzitegira heltzeraino, bermatzeko beren senitartekoei zegozkien eskubideak errespetatzen zirela».

Horretarako argudiatu zuten beren errugabetasun printzipioa urratzen zuela Ministerioren erabakiak, Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren 6.2. artikuluan honakoa baitio: «arau-hauste bat egin duen pertsona oro errugabetzat hartu behar da erruduntasuna legegalki deklaratzen den artean».

Estrasburgok, ordea, gaurko bere ebazpenean, erabaki du ezin dituela onartu biktimen senitartekoek aurkeztutako errekurtsoak, batetik, ezin baita esan pareko giza eskubideen urraketak jasandako biktimen senitartekoei kalteordainak ukatzeko erabakiak aurrez aipatutako 6.2 artikulua urratzen duenik; eta, bestetik, biktimekiko akusazio zuzenik ez badago, ez baitira senitartekoen eskubideak urratzen.

Egiari Zor Fundaziotik uste dute interpretazio hori «eskandalua» dela, errugabetasun presuntziorako eskubidea «prozesu penal batean inputatutako pertsona orori dagokiolako». «Edozein pertsona izan behar da errugabe epai irmo batek bere zigorra zehaztu artean», nabarmendu dute balorazioan, eskubide hori Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko (1948) 11.1 artikuluan, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenean (1966) edota Europako Giza Eskubideen Hitzarmenean (1950) jasotzen dela gogoratuz.

Horregatik, ez dute ulertzen «nola den posible» 6.2 artikulua, errugabetasun presuntzioari dagokiona, eta berau urratzearen inguruko interpretazioek gaurkoan bezalako «iritzi antagonikoak sorraraztea».

Beraz, Egiari Zor Fundazioaren izenean, EGEAk hartutako erabakiaren aurrean, «atsekabea» adierazi nahi izan dute. Horrez gain, errugabetasun presuntzioa urratzen ez dela kontsideratzeko ezarritako terminoak «oso larriak» direla azpimarratu dute, «orain artean ezezagunak zirenak».

Gainera, fundazioak salatu du erabaki honek, beste behin, «bigarren mailako biktima» trataera ematen diela Estatuaren biolentzia pairatu dutenei.

Azkenik, gogorarazi dute «Egiari Zor Fundazioak lanean jarraituko duela pareko aitortza maila duten arte euskal gatazkaren testuinguruan gertatutako oinarrizko giza eskubideen urraketa guztiek, eta biktimen arteko kategorizaziorik ez dagoenera arte».

«Biktimen umiliazioa»

Sortuk, alde juridikotik kalteordainak ukatzeak ez duela errugabetasun printzipioa urratzen ebaztea «sineztezina» dela salatu du: «Orain arte horrelako baieztapen larririk ez da adierazi. Biktimak umiliatzeko baino ez du balio».

Politikoki, «estatu-terrorismoak izandako zigorgabetasuna areagotu» besterik ez duela egiten nabarmendu du eta, ikuspegi etikotik, gisa honetako ebazpenek «biktima batzuk ikusezin» bihurtzen dituztela, kategorizazio bat ezarriz biktimen artean.