NAIZ

GIBagatiko 169 infekzio erregistratu ziren iaz EAEn, 2017an baino 34 gehiago

GIBagatiko 169 infekzio erregistratu ziren 2018an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino 34 gehiago. Diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,7 urtekoa zen.

Antonio Arraiza, Nekane Murga eta Marta Pastor, Gasteizko agerraldian. (IREKIA)
Antonio Arraiza, Nekane Murga eta Marta Pastor, Gasteizko agerraldian. (IREKIA)

GIBagatiko 169 infekzio erregistratu ziren 2018an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino 34 gehiago (2017an 135 izan ziren) eta 2016an baino 11 gehiago (158). Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko tasa 7,75ekoa izan zela iaz EAEn, Espainiako Estatuko tasa baino puntu bat baxuagoa. Diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,7 urtekoa izan zen.

Nekane Murga Osasun sailburuak eman ditu datuak ostegun honetan, Gasteizen, sexu transmisioaren bidezko infekzioen gorakadari buruz sentsibilizatzeko abiaturiko kanpainaren aurkezpenean. Marta Pastor Euskalsida EAEn GIBaren eremuan lan egiten duten elkarteen federazioko presidenteak eta Antonio Arraiza doktore eta Hiesaren eta Sexu Transmiziozko Infekzioen Planaren koordinatzaileak ere parte hartu dute agerraldian.

Horrela, 2018an, Osakidetzak 5.852 pazienteri eman zien arreta erretrobirus kontrako tratamenduen bidez, eta, horretarako, 22,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin zuen. Hartutako prebentzio neurrien irismena dela eta, nabarmentzekoa da GIBaren 2.210 test laster egin zirela EAEko botiketan eta, horien bidez, bederatzi positibo detektatu direla.

Halaber, establezimendu horiek etxean egiteko 883 autotest banatu zituzten, 96 proba egin ziren GIBen probetan espezializatutako kontsultetan eta 125.593 xiringa-kit banatu ziren (90.000 baino gehiago botiketan eta 35.000 baino gehiago GKE-en bidez).

GIBagatiko infekzioa nagusiki sexu transmiziozko gaixotasuna da, eta gizonekin sexua duten gizonetan transmisioak nagusi izaten jarraitu zuen iaz, diagnostiko guztien %56,2 (2017an %55,6); bide heterosexualaren bidezko transmisioa %32,6 izan zen (2017an %38,3). Kasuen %51,5ean diagnostiko berantiarra egon zen, alegia, immunitate sistema oso eraginda zegoenean detektatu zuten (350 CD4 zelula baino gutxiago).

Sexu transmiziozko infekzioak direla-eta, Osakidetzak sexu transmiziozko infekzioen hiru kontsulta berezi ditu Bilbon, Donostian eta, 2017tik, Gasteizen. 2018an, aurrez aurreko hiru kontsulta horietan, 599 chlamyidia, 156 herpes genital, 355 infekzio gonokoziko eta 184 sifilis goiztiarreko kasu detektatu ziren. Bilboren kasuan, mota guztietako infekzioen gorakada orokorra erregistratu zen; Donostian, diagnostikoen kopurua egonkor mantendu zen; Gasteizko kontsulta 2017an hasi zen, eta, beraz, 2018ko datuek diferentzial altua erakusten dute.

Osakidetzak, aurrez aurreko kontsulta horiez gainera, sareko kontsulta ere eskaintzen du gizonekin sexua duten gizonentzat. Zerbitzu hori abian jarri zenetik, 717 pertsona sartu dira aplikazio horretan eta bete dute galdera sorta.

Halaber, pasa den ikasturtean, guztira 102 zentrotako 7.800 nerabek parte hartu zuten EAE osoko ikastetxeetan garatzen diren GIB/hiesa, STI eta nahi ez den haurdunaldia prebenitzeko programetan (aurreko ikasturtean 6.100 izan ziren).

Kontzientziazio kanpaina

Nekane Murgak berretsi egin du Osasun Sailak Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Euskal Planean aurreikusitako ekintza ildoei eusteko eta horiek sustatzearen aldeko apustua. Ildo horretan, datozen egunotan berariazko kontzientziazio kanpaina abiaraziko dela iragarri du, «Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zure harremanetan; baita kanpoan zer geratzen den ere» mezua zabaltzeko asmoz.

Kanpainaren helburua bikoitza da: herritarrak sentsibilizatzea GIBaren eta sexu transmiziozko infekzioen indarraldiaren inguruan, eta sexu harremanetan preserbatiboak erabiltzeko beharrean eragitea.

GIBari dagokionez, Murgak gogorarazi duenez, instituzioek eta gizarte erakundeek azken urteetan nabarmendu izan dute beharrezkoa zela eta oraindik dela «baikorregiak ez izatea eta arreta jartzea betetzeko dauden erronketan», nahiz eta azken hamarkadetan GIBa duten pertsonen bizi kalitatean eta osasun egoeran hobekuntza egon den. Horrela, nabarmendu du GIBari bakarrik bideratutako unitate funtzionala aktibo mantendu duten autonomia erkidego gutxi daudela Estatuan eta EAE dela horietako bat, prebentzio eta ekintza plan berezi baten bidez.