NAIZ
ELIZONDO

Magnak berriro Erdizen sartu nahi duela salatu dute

2008an baztandarren borrokaren ostean Magna enpresak Erdizen sartzeko asmoari utzi bazion ere, orain berriz egitasmo hau berpiztu nahi duela salatu du Erdiz Bizirik platafomak.

Erdiz Bizirik plataformaren agerraldia Elizondon. (ERDIZ BIZIRIK)
Erdiz Bizirik plataformaren agerraldia Elizondon. (ERDIZ BIZIRIK)

Elizondon egin duten agerraldian Erdiz Bizirik plataformako kideek azaldu dutenez, uztailaren 5ean, San Fermine besten hasieran, Nafarroako Gobernuak Erdizen meatza zabaltzeko aukera martxan jarri zuen.

«Aitzineko aldian bezala Magnaren magnesita goxokia Erdizen dago, Baztangoak diren lurretan: bai udalerri barnean diren lurrak direlako edo bai Baztanek lur horiek jabetzan dituelako», adierazi dute. «Bertze aldietan ere errana dugu: Erdizek balio ekologiko handia du eta, horregatik, Aldude Mendi izeneko Babes Bereziko Eremuan dago, Europaren gerizpeko Natura 2000 sarearen barnean. Baina Erdiz gainera Baztango bazkaleku komunalik handiena da. Urtero 80 baserri baino gehiagoko aziendak han ahaltzen dute. Hortaz, tokiko ekonomian alimaleko balioa duen inguruaz ari gara. Magnaren harrobiak, argi eta garbi tokiko ekonomia eta balio handiko ingurua erraustuko lituzke, hogei urtez. Hori da batzuek proposatzen diguten aitzinamendua, ehunka urtetan iraun duen ingurune eta ekonomia hogei urteko epean xehatu, hori baita Magnak Erdizi buruz egiten duen aurrikuspena», azaldu dute.

Baztango etorkizuna eta Magnak Erdizen meatza zabaltzea bateragarriak ez direla gaineratu dute.

«Erdizeko oraingo proiektuari buruz kontuan hartu behar dugu 2017an Espainiako Auzitegi Gorenak Zilbetiko harrobi proiektua behin betiko baliogabetu zuela. Eta aski kontuan hartzeko epaia da Zilbetikoa, Erdiz bezala, Aldude Mendi izeneko Babes Bereziko Eremu berean baitago. Hortaz, aitzinkari horrekin oraingo pausua ez dugu ulertzen ahal; ez bada Nafarroako Gobernuarekin gaurgero aferak aitzinatuak dituztela. Hori horrela bada, funtzioetan den Geroa Bairen Gobernuari edozein azpijokoren aitzinean erne ibiliko garela jakinarazi nahi diogu», azaldu dute.

Egitasmo honi aurre egiteko elkarretaratzea deitu dute larunbata honetan 20.00etan Elizondoko plazan.