NAIZ
DONOSTIA

Woody Allenen filmaren errodajearen kontrako protesta deitu dute Donostian

Kontzentrazio zaratatsua deitu dute hurrengo astelehenean 18.00etan Kontxako erlojuetan, Donostian, Woody Allenen filmaren errodajearen kontra protesta egiteko.

Woody Allen, Jaume Roures ekoizlearekin. (Jon URBE / FOKU)
Woody Allen, Jaume Roures ekoizlearekin. (Jon URBE / FOKU)

«Donostia turistifikazio prozesu azkar eta bortitzean daramate agintari publikoek. Turista eta inbertsoreak hirira erakarri nahiaren atzean, prozesu honen bidez etekin ekonomiko erraldoiak lortzen dituztenak daude. Bitartean, herritarron gehiengoak gero eta zailagoa daukagu Donostian bizitzea: etxebizitzaren prezioa, lan-merkatu prekarizatua, kontsumo prezioen igoera…», adierazi dute deitzaileek.

«Woody Allenen pelikula bertan errodatzea ‘Donostiarentzat garrantzitsua izango dela’ esanez, erraztasun guztiak eskaini zaizkio erakunde publikoetatik. Bitartean bertako herritarrok auzolanean antolatzen ditugun ekimenek (jaiak kasu) zailtasun handiak topatzen dituzte, hauek ez baitira negoziorako tresnak», salatu dute.

«Donostiara turismo gehiago erakartzeko ekimen oro bertan behera uzteko eskatzen dugu. Sustapen turistikora zuzendutako aurrekontu publikoa ezabatzea beharrezkoa da, hiriak jasan ezin duen neurritik gora dagoelako eta atzera bueltarik gabeko kalteak sortu baino lehen. Deshazkunde turistikoa da zentzuzko norabide bakarra gaur egun Donostian», gaineratu dute.

Ustezko sexu-erasoak

Allen ustez sexu-erasoak egiteagatik salatua izan zela gogoratu dute ere. «Eneko Goia alkateak errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dela esanez, sexu-abusuak egiteagatik salatutako erasotzaile bati sekulako harrera egin zaio. Donostiako mugimendu feministak erasotzaileen aurka egiten dituen lanketa guztiei balioa kenduz. Lotsarik gabe dio zuzendariak berak inguruan gertatzen denak ez diola eragiten eta ez zaiola inoiz axola izan jaso dituen salaketak ezta politika ere, ‘ez baitu gaitasun mentalik herri mugimenduak ulertzeko’. Ezin dugu onartu, egun batean Woody Alleni harrera egitea eta aste berean erasoen aurkako udako kanpaina aurkeztea. Horri zuriketa morea esaten zaio», diote.

«Donostia ez da pelikula bateko dekoratua eta donostiarrak ez gara figuranteak. Ezta turistak ere. Horregatik, gu gara hiri-eredu eta turismo-eredu honen kalteak gure larruazaletan jasaten ditugunak. Gure hiria salgai jartzean, inbertsoreei, promotore pribatuei eta merkataritza kate handiei mesede egiten dieten erabakiak hartzean, bizilagunen beharrei erantzuten ez dien Metroaren pasantea bezalako obra erraldoiak ezartzean edota hotel berriak mugagabe hedatzean, negoziorako hiri bat eraikitzen ari da, eta gure bizimodua, gure bizitzak, daude jokoan», esan dute.

Protestaren deitzaileak honako hauek dira: Bizilagunekin plataforma, Ernai, Hotel + Ez mugimendua, Groseko Asanblada Feminista, Medeak, Bilgune Feminista eta Garaipen.