Bakaikuko herritarrek auzolan eredua babestu dute gaur egin den herri galdeketan

Bakaikun erroldatutako herritarren %52k parte hartu du herri galdeketan eta gehiengoak proposatuko auzolan ereduaren alde egin du. Bitxia eta interesgarria da planteatzen dena, ardura kolektiboa sustatuz.

 

 

NAIZ|BAKAIKU|21/07/2019
Bakaiku
Baikaikuko biztanleek babestu dute proposamena. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bakaikuko herritarrek auzolan eredua babestu dute gaurko herri galdeketan. Erroldatutako herritarren %52k parte hartu dute herri galdeketan eta gehiengoak proposatutakoa martxan jartzearekin ados dagoela adierazi du.

Herritarren partehartzea indartzen du sistemak, eskubideak eta betebeharrak barne. Udala izango da auzolana kudeatuko duena, baina herritarrek ere aukera izango dute lanak proposatu eta aukeratzeko. Era berean, herriaren alde egiten diren lanak, nahiz eta Udalarekin loturarik ez izan, auzolan moduan egitea posible izango da, Udalarekin adostua bada.

Proposamena maiatzean egindako herritar bileretan adostu zen, eta helburua Bakaikun auzolanarekin lotuta egiten diren lanak arautzea da. Auzolana Bakaikun erroldatuta dauden 18tik 55 urte bitarteko herritarrek egin beharko dute. Isun moduko bat ordaindu beharko da bestela, 60 euro aipatu dira.

Erroldatutako herritar bakoitzak urtean auzolanen bat behintzat egin beharko du gutxienez, bost lan ordukoa. Ezgaitasunak edo auzolanarekin bateraezinak diren gaixotasunak dituzten pertsonak eginbehar honetatik kanpo gelditzen dira, jakina.

Auzolana historikoki lan fisikoarekin lotuta egon da, hala ere, proposamen honen bitartez beste mota batzuetako lanak gehituko dira, kudeaketa lanak, esaterako. Herriaren alde egin daitekeen edozein ekimen izan daiteke auzolana. Xedea, herritarrei beraien arlo, behar edo nahien araberako ekarpena egiteko aukera eskaintzea da.

Dena den, onartutako proposamena irekia eta malgua da. Auzolana martxan jarri eta gero, urtebetera aztertu eta behar diren aldaketak edo doikuntzak egiteko tartea irekiko da.