naiz
Gasteiz

150 norbanako eta eragilek babesa adierazi diote 5ak Gasteizen dinamikari eta auzipetuei

150 norbanako, eragile eta sindikatuk bat egin dute Ane Zelaia, Nagore Lopez de Luzuriaga, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de la Calle eta Izaskun Abaigar gasteiztarrei babesa adierazteko sortu den 5ak Gasteizen dinamikarekin.

5ak Gasteizen dinamikari bultzada bat eman diote eragile eta norbanako ugarik. (FOKU)
5ak Gasteizen dinamikari bultzada bat eman diote eragile eta norbanako ugarik. (FOKU)

Lagun ugari bildu dira Matxete plazako sarreran irailean epaituko dituzten Ane Zelaia, Nagore Lopez de Luzuriaga, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de la Calle eta Izaskun Abaigar gasteiztarrei babesa adierazteko eta hauek babesteko sortu den 5ak Gasteizen dinamikari bultzada bat emateko.

Patxi Zubizarretak landu duen manifestua irakurri dute idazleak berak eta Arantza Basagoiti irakasleak. 140 izen inguru daude aurkeztu duten atxikimendu zerrendan (Jose Angel Cuerda, Maider Unda, Pou anaiak, Evaristo, Juanito Oiarzabal edo Toti Martinez de Lezea, besteak beste).

«Ez da erraza epaiketa hau bezalako bidegabekeriak salatzea, berriro ere justizia aldarrikatu behar izatea», adierazi du Zubizarretak. Eta horretarako Zizek filosofo esloveniarrak Siberiara zigortu zuten presoaren inguruan idatzitakoa ekarri gu gogora: «Lagunak agurtzerakoan, adierazi zien eskutitzak idazten saiatuko zela, baina, zentsuraren beldur, lagunei gaineratu zien kontatzen zuena egia baldin bazen, tinta urdina erabiliko zuela, eta gorria erabiliko zuela kontatutakoa faltsua izanez gero. Eta, hara non, presoaren lagunek lehenengo eskutitza jaso zuten, tinta urdinez idatzia: Siberian uste baino askoz hobeto zegoela, janaria nahikoa ona zela, lanak ez zirela hain-hain gogorrak, asteburuetan futbolean jokatzeko aukera zutela, igandeetan dantzaldia izaten zutela eta neskak ere joaten zitzaizkiela; baina lagunei gaineratu zien txarrena zela tinta gorririk ez eskura izatea…», irakurri du.

Hau oinarri hartuta, 47 euskal herritarrek irailetik aurrera izango duten epaiketari aurre egiteko beharra nabarmendu du. «Mezu baikorrekin ‘Ez’ esaten jarraitu beharra dago, bidegabekeriak gaitzesten, epaiketa honi ezetz esaten. Horrexegatik gaude hemen».

«Hitz gastatuen eta eskubide zapalduen ustezko demokrazia honetan, norbaitek esan zuen errepublika idealean hiru pertsona mota izango direla ezinbestekoak: irakasle bat, maistra edo maisu bat, bizitzen irakatsiko diguna; sendagile bat, jaiotzen lagunduko diguna, eta bizitzen ez ezik hiltzen ere irakatsiko diguna; eta azkenik ‘Ez’ esaten duen pertsona bat, giza duintasuna aldarrikatuko duena. Horrexegatik gaude hemen, temati, epaiketa honi ‘Ez’ esateko», gehitu du Zubizarretak.

Azkenik, datozen deialdiak gogora ekarri dituzte: uztailaren 27an, Txapuzoi Eguna izanen dute Landan (10:30ean bizikleta-martxa abiatuko da Konstituzio plazatik), abuztuaren 5ean, ekitaldia eginen dute jaietako txosnetan 21:30ean, irailaren 7ab, Arabako mobilizazio nagusia izanen da eta hilaren 14an Bilbora joateko deia egin dute.