NAIZ

Bilboko aireportuan «dena azpikontratatzen da, eta dena prekarizatu», deitoratu du ELAk

ELAk protesta egin du gaur Loiuko aireportuan. Sindikatuaren kalkuluen arabera, 2.400 bat lagun dabiltza lanean bertako instalazioetan. Eta %6 besterik ez da AENAko plantillakoa, gainerakoak azpikontratazio-kate luze bateko kideak dira, bitarteko enpresa askotako langileak. Horrek lan baldintzak gero eta okerragoak izatea ekarri duela ohartarazi du.

ELAren protesta, gaur goizean Loiuko aireportuan. (ELA)
ELAren protesta, gaur goizean Loiuko aireportuan. (ELA)

Orain dela lau urte aireportuak kudeatzen dituen AENA enpresaren %49 pribatizatu zen. %100 sozietate publiko izatetik ia %50eko partaidetza pribatua izatera aldatu zen. Urte horietan, AENAren irabaziak 4.000 milioi euroren ingurukoak izan dira, eta horien erdiak esku pribatuetara joan dira zuzenean, ELAk gaur Loiuko aireportuan egindako protestan jakinarazi duenez.

«Espero izatekoa zenez, eragiketa horren ondorioz aireportuetako langileen lan egoera, orokorrean, eta Bilboko aireportukoena, zehazkiago, gero eta prekarioagoa bihurtu da», azaldu du. Sindikatuaren kalkuluen arabera, 2.400 bat lagun dabiltza lanean bertako instalazioetan. Eta %6 besterik ez da AENAko plantillakoa, gainerakoak azpikontratazio-kate luze bateko kideak dira, bitarteko enpresa ugaritako langileak.

Lakuako Gobernuaren «axolagabekeriaz»

Eta bitarteko enpresa horietan prekarietatea nagusitzen ari da azkar-azkar, ELAk baieztatu duenez. Jarduerak ugariak dira: garbiketa, ostalaritza, segurtasuna, ibilgailuen alokairua eta garbiketa, fingerrak, auto aparkatzaileak... «Dena azpikontratatzen da, eta dena prekarizatu, AENAren eta Estatuko Administrazioaren oniritziaz eta Eusko Jaurlaritzaren axolagabekeriaz».

«AENAren aldetik, azpikontrataz aldatzen denean, ez dute kontuan hartzen ezta langileen subrogazioa ere; nahiz eta hori, prekarietate sakonagoan ez erortzeko, funtsezkoa izan», erantsi du sindikatuak.

Adibidez, garbitzaileei %50 gehitu diete lana, eta aldi berean %33 jaitsi dute langile kopurua. «AENAren instalazioetan alokairuko ibilgailuak garbitzen dituzten 100 langileei lanbide arteko gutxieneko soldata ordaintzen diete, eta lantokiko osasun baldintzak beste garai batekoak direla dirudi. Handling-eko pertsonala estatu-hitzarmen baten eraginpean dago, %50ak behin-behinekoak dira, eta %65ek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte».

«Begiratzen dugun azpisektorera begiratzen dugula, prekarietate gorria ikusiko dugu nonahi, eta goraka doa», ziurtatu du ELAk.

Irakaspen bat

Azken hilabeteotan ikusitako gertakariek irakaspen bat eman diola adierazi du ELAk: «Jarraitu beharreko bidea borroka sindikala da». Salatu duenez, ICARko langileak, ibilgailuak garbitzen aritzen zirenak, kaleratuak izan dira, guzti-guztiak; jarduera hori bera egitera Sintax enpresa sartu delako. Ez diete eman ez kaleratze gutunik, ezta kalte-ordainik ere. Hori dela-eta, ELAk demandak aurkeztu ditu.

Dimain (fingers) enpresako langileek 51 greba egun bete behar izan dituzte, beren lan baldintzak apur bat hobetzeko. AENAko pertsonalak berak ere greba egin behar izan du, hobekuntza batzuk lortu ahal izateko.

ELAk kanpaina bati ekin dio, egoera horri buelta emateko. Lehen pausoa egoera denen agerian jartzea izan da, eta ‘Bilboko aireportua: zona prek-aerea’ goiburuarekin abiatu dira, milaka triptiko banatuz. 

Kudeaketa publikoa eskatzen dute aireporturako. Lan-kargak arintzea eta kalitatezko enplegua sortzea. AENAri exijitzen diote subrogazioaren beharra ezar diezaiela instalazioetan diharduten enpresa guztiei. Estatuko Administrazioaren estrategia hori salatu, eta Lakuaren esku-hartzea ere galdegiten dute.