NAIZ

Hamalau lan New Directors sailean, horien artean Maider Fernandez Iriarterena

Dena hamalau lan ikusiko dira aurtengo Zinemaldian New Directors sailean, Euskal Herria, AEB, Argentina, Bulgaria, Britainia Handia, Israel, Japon, Lituania, Norvegia, Suitza, Tunisia, Txilekoak.

Maider Fernandez Iriartek ‘Las letras de Jordi bere lehen lan luzea aurkeztuko du. (NAIZ)
Maider Fernandez Iriartek ‘Las letras de Jordi bere lehen lan luzea aurkeztuko du. (NAIZ)

Donostiako Tabakaleran egin den prentsaurrekoan Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak adierazi duenez familia gatazkak eta guraso eta seme-alaben arteko harremanak dira luzemetraietan landu den gai nagusia.

Haututako filmetatik, zortzi lehen lanak dira eta sei bigarrenak. Azken hauetako zenbait arduradunek New Directors sailean parte hartu dute aurreko edizioetan. Ignas Jonynasek (Vilnius, Lituania, 1971) ‘Losejas/The Gambler’ (2013) lanarekin egin zuen eta orain ‘Nematoma’ ekarriko du, dantza-lehiaketa batean itsuarena egingo duen gizon bati buruzkoa.

Bestalde, Svetla Tsotsorkova zuzendari bulgariarra (Burgas, 1977) ‘Jadja/Thirst’ (2015) filmarekin aritu zen New Directors sailean. ‘Sestra/Sister’ honetan, Monika Naydenova eta Svetlana Yancheva aktoreak aritu dira bere esanetara berriz. Nerabe baten gezurrak ahizpa nagusiaren mundua suntsituko du eta beren amari buruzko egia ezagutaraztea ahalbidetuko die.

1976. urtean Suitzako landa-ingurua hondatu zuen lehortean kokatutako ‘Le milieu de l’horizon/Beyond The Horizon’ filmak familia ingurua eta inozentzia desagertzen ikusiko dituen gazte baten istorioa kontatzen du. New Directors Sailean ‘Puppy Love’ (2015) erakutsi eta lau urtera itzuliko den Delphine Lehericeyren (Lausana, Suitza, 1975) lan honetako aktoreen artean, Laetitia Casta eta Clémence Poésy daude.

Ondorengo zinemagileek ere bigarren lanak aurkeztuko dituzte. Jorunn Myklebust Syversenek (Oslo, Norvegia, 1978) zuzendutako ‘Disco’ lanean, protagonista (‘Skam’ telesaileko Josefine Frida Pettersen) neska gazte bat da, dantza-txapelduna eta mugimendu ebanjeliko baten eredua: txapelketa baten erdian kolapso bat sufritu ondoren, erantzunak bilatzen hasiko da eliza erradikalago batean. Jorge Riquelme Serranok (Santiago, Txile, 1981) biztanlerik gabeko uharte batean beren deabruei aurre egin beharko dieten familia bateko kideei buruzko ‘Algunas bestias/Some Beasts’ lanarekin, Paulina Garcia eta Alfredo Castro aktoreekin. Bestalde, Hinde Boujemaa (1971) tunisiarrak ‘Le Rêve de Noura/Noura’s Dream’, ekarriko du, senarra espetxetik atera aurretik bere bizitzako maitea ezagutuko duen eta dibortziatzear dagoen emakume baten istorioa.

Zortzi opera prima

Las chicas de Pasaik kolektiboarekin film labur batzuk sortu ondoren, Maider Fernandez Iriartek (Donostia, 1988) bere lehen film luzea aurkeztuko du, ez-fikzioko ‘Las letras de Jordi/Jordi’s Letters’, Ikusmira Berriak egoitza-programan garatutako proiektua (REC Grabaketa Estudioa postprodukzio-saria), Jainkoak hitz egiteari utzi diolako kezkatuta dabilen 51 urteko Jordi Drassanesi buruzkoa.

Film laburren beste sortzaile batek ere ekarriko du bere lehen lana, hain zuzen ere, Lucía Alemanyk (Traiguera, Valentzia, 1985). Iciar Bollain, Daniel Sanchez Arevalo eta Borja Cobeagaren ekoizpen-taldeetan lanean aritu ondoren, ‘La inocencia/The Innocence’ zuzendu du. Aktore-taldean Laia Marull eta Sergi Lopez dituen laneko protagonista mutil helduago batekin harremanetan dabilen nerabe bat da (Carmen Arrufat).

Ana García Blayak (Buenos Aires, 1979) ‘Las buenas intenciones/The Good Intentions’ lanarekin egin du debuta, gurasoen arteko gatazkek seme-alabengan duten eragina erakusten duena. Antzeko argumentua dauka Kim Solen (Buyeo, 1992) eta Lee Jihyoungen (Bucheon, 1988) lehen lanak. Gazte hegokorear hauek ‘Scattered Night’ lanarekin estreinatuko dira.

‘The Giant’ filma David Raboy estatubatuarrak (1989) 2012an sortu zuen film laburrean oinarrituta dago, eta Charlotte gazteak (Odessa Young) bere jaioterrian emango duen azken udan iragana atzean uzten saiatuko da. Britainia Handiko Fyzal Boulifa zuzendariak (Leicester, 1985) ‘Lynn + Lucy’ aurkeztuko du, betiko bi lagunen harremanaren bitartez erakutsitako indarkeriari eta histeria sozialari buruzko azterlan bat.

Koichi Doi japoniarrak (Yokohama, 1978) ‘Yoake No Takibi/Bonfire At Dawn’ estreinatuko du, semea Japoniako antzerki klasikoaren Kyogen adarraren arauen arabera hezten duen aitari buruzko istorio garaikidea. Azkenik, 2018an Cannesen Gabriel film laburrarekin lehiatu zen Oren Gernerek (Petah-Tikva, Israel, 1984), bere lehen proiektu luzea erakutsiko du Donostian, ‘Africa’, bere burua berreraikitzeko bidaia isilean abiatuko den ingeniari erretiratuari buruzko istorioa.

1985. urtean sortutako New Directors saila Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustua da. Bere egunean, beste askoren artean, Olivier Assayas, Nicolas Winding Refn, Laurent Cantet, Lucile Hadzihalilovic, Walter Salles, Kevin Smith, Lee Daniels, Ciro Guerra, Isabel Coixet, Alberto Rodriguez, Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileek ekarri zituzten beren lehen lanak sail honetara.

Donostiatik pasatu ondoren, Kutxabank-New Directors sariaren irabazleak beste jaialdi batzuetarako hautatu dituzte eta espainiar Estatuan komertzialki estreinatu dituzte. Hain zuzen ere, 2018ko irabazleak, Hiroshi Okuyamaren ‘Jesus’ filma, joan den uztailaren 26an estreinatu zuten areto komertzialetan.

Kutxabank-New Directors saria nazioarteko epaimahai batek hautatzen du. 50.000 euro dira, eta zuzendariak eta filmaren espainiar Estatuko banatzaileak jasotzen dituzte. Kutxabank kolaboratzaile ofizial izango da aurten ere, eta partaidetza zabalagoa izango du. Horren barruan kokatzen da hain zuzen ere, New Directors sailaren babesletza.

Sail honetako filmak Gazteriaren saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahai batek erabakitzen du.