NAIZ

Jazarpen poliziala salatu du AAMk: «Militante batzuen etxe eta autoetan sartu dira»

Bere kideen aurkako jazarpen poliziala larriagotu dela salatu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAMk) prentsa ohar baten bidez. «Estatuaren gerra zikinarekin» lotu dute eta militatzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, «gure sorreratik bertatik izan dira gure militantziaren aurkako jarraipenak, eta ez da egoera hau salatzen dugun lehenengo aldia. Baina azken hilabeteetan jazarpen poliziala areagotu egin da, komunikabide faxistek errepresioaren jo-puntua gure gainean jartzen duten bitartean».

«Oraingoan –erantsi du AAMk–, jarraipenei eta bat-batean jarritako errepide kontrolei, militante batzuen etxeetan eta autoetan egindako sarrerak gehitu behar dizkiegu. Kasu guztietan, hankaz gora utzi izan dute dena baina inoiz ezer lapurtu gabe, eta beraz, lapurreta kasuak ez direla ondoriozta daiteke. Kasu hauek denboran eta formetan bat egiten dute, eta antzeko funtzioak aurrera eramaten ari diren militanteeen kontra burutu dituzte».

Maiatzean Valentin Diaz Blanco Guardia Zibilaren koronelak esandakoa ekartzen du gogora; «Espainiako Audientzia Nazionalak ikerketa bat irekita mantentzen du gure mugimenduaren aurka, eta gure kideak ‘monitorizatuta’ dauzkate, hau da, poliziak kontrolatuta».

Honen guztiaren aurrera, «militantziarako eskubidea» aldarrikatzen du AAMk, eta «inoiz baino argiago esango dugu borroka egitea zilegi dela. Erabakigarritasun osoz esaten dugu ez dugula pausu bat ere atzera egingo gure bidean. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren babes osoa jazarpena pairatzen ari diren gure kideei. Ez zaudete bakarrik», amaitzen du.