NAIZ

Roger Michell-en ‘Blackbird’ filmarekin hasiko da 67. edizioa

Urrezko maskorra eskuratzeko lehiatutako Bille August daniarraren ‘Silent Heart’ (2014) dramaren remakea da ‘Blackbird’ eta Susan Sarandon, Kate Winslet eta Mia Wasikowska dira protagonistak.

‘Blackbird’ filmarekin ekingo zaio aurtengo Zinemaldiari. (NAIZ)
‘Blackbird’ filmarekin ekingo zaio aurtengo Zinemaldiari. (NAIZ)

‘Blackbird’-en Europako estreinaldiak emango dio hasiera 67. Donostia Zinemaldiaren lehiaketako Sail Ofizialari. Susan Sarandon, Kate Winslet, Mia Wasikowska eta Sam Neill dira Roger Michellek zuzendutako filmaren protagonistak.

AEBren eta Britainia Handiaren arteko koprodukzioa ‘Stille Hjerte/Silent Heart’ (2014) dramaren remake bat da. Hain zuzen, film harekin Zinemaldian lehiatu zen Bille August daniarra, eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Paprika Steen antzezleak.

Urrezko Maskorra lortzeko lehia irailaren 20an hasiko da, ‘Blackbird’ filmaren emanaldiarekin. Bertsio berriaren gidoia ere Christian Torpe-k idatzi du, ‘Stille Hjerte/Silent Heart’ filmaren jatorriko libretoaren egileak.

Susan Sarandonek (Donostia saria, 1995) sufrimenduari amaiera eman nahi dion gaixo terminal bat hezurmamitu du. Hasiera batean, duintasunez hiltzeko erabakiaren alde agertuko da haren familia, baina alabek (Winslet eta Wasikowska) egoera are gehiago zailduko duten familia-sekretu batzuk aurkituko dituzte.

Roger Michell (Pretoria, Hegoafrika, 1956), Britainia Handian kokatutako zuzendaria, ‘My Night with Reg’ (1997) eta ‘Titanic Town’ (1998) filmekin hasi zen zinemagintzan, baina ‘Notting Hill’ (1999) izan zen haren lehenengo arrakasta: 360 milioi dolar baino gehiago bildu zituen Julia Roberts eta Hugh Grant aktoreek protagonizatutako komedia erromantikoak.

Ondotik beste lan batzuk zuzendu zituen: adibidez, ‘Changing Lanes’ (2002), Samuel L. Jackson eta Ben Affleck aktoreekin, eta ‘Le Week-End’ (2013), Donostiako Sail Ofizialean lehiatu eta Jim Broadbent-i gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eman zion filma.

Bestalde, Susan Sarandon, Oscar sariaren irabazlea ‘Dead Man Walking’ (1995) filmean egindako lanagatik, mende erdiz aritua da antzezten. Hasierako rolen artetik, ‘Atlantic City’ (Sail Ofiziala, 1980) nabarmendu daiteke, film horrek ekarri baitzuen lehen aldiz Donostiara, Louis Malle zuzendariarekin batera. Handik hamabost urtera, Donostia saria jaso zuen ‘Thelma & Louise’(1991) ezagunaren protagonistakideak, lanean egin duen ibilbide osoaren aitorpen gisa.

Ondoren, Zinemaldian programatutako film ugariren antzeztaldean ikusi dugu haren izena: besteak beste, ‘Emotional Arithmetic’ (2007), ‘In The Valley of Elah’ (2007) eta ‘Arbitrage’-n (2012). Azken hori zela bide, Richard Gererekin batera itzuli zen Donostiara.

‘Blackbird’ 67. Donostia Zinemaldiari hasiera emateko galan proiektatuko da, datorren irailaren 20an. Sarrerak Zinemaldiaren webgunean salgai daude jadanik, 70 euroko prezioan.