Jon Ormazabal

Zalantzak uxatu eta Zarauzko finalean izango dira Irribarria-Rezusta (22-15)

Pilotari beste abiadura batez irten zaie eskutik eta nagusitasunez irabazi diete uneoro atzetik izan diren Olaizola II.a-Albisuri Azkoitian jokatutako finalerdian.

Beñat Resuztak partida handia jokatu du. (Jon URBE/FOKU)
Beñat Resuztak partida handia jokatu du. (Jon URBE/FOKU)

Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak eskuratu dute Azkoitian hasi den Zarauzko torneoko finalerako lehen txartela, Aimar Olaizola eta Jon Ander Albisuri 22-15 irabazita.

Igandean, elkarrekin aritu ziren azken aldian itxura onegirik eman ez bazuten ere, 2017ko Binakako txapeldunek oso bestelako itxura eskaini dute gaur Gurea pilotalekuan eta erabat nagusitu zaizkie Baikoko bikoteari. Bezperan 22-21 amaitu zen partida bat jokatzetik zetorren arren, Beñat Rezustak erabat dominatu du ezinean aritu den Albisu eta egun batzuetako atsedenarekin indarrak berreskuratuta, Iker Irribarriak ere ongi lagundu dio bergararrari, tantoa amaitzen eta baita defentsan ari behar izan duenean ere.

Seinako berdinketara arte gorriek zenbait zalantza erakutsi dituzten arren, nabarmena izan da pilota beste abiadura batean irten zaiela eskutik eta berehala ireki dute partida hautsi duen zuloa (15-6).

Beti jokoaren ekimena aurkariena izan bada ere, Olaizolak eta Albisuk lana gutxienez jarri dute kantxan eta borondate horrek markagailua txukuntzeko aukera eman die, batez ere goizuetarrak erremate aukera apurretan asmatu duenean, baina partida iraultzeko aukerarik ez dute izan.