NAIZ

Arturo Cubillas deportatua Donostiara itzuli da 34 urteren ostean

Sortuk jakinarazi duenez, Jose Arturo Cubillas euskal errefuxiatua Donostiara itzuli berri da 34 urte etxetik kanpo egin ostean. Cubillas Venezuelara deportatua izan zen bere garaian eta Estatu espainiarra hainbat aldiz saiatu izan da auzi ezberdinen bitartez estradizioa lortzen.

Sortuk sare sozialetan zabaldutako irudia. (@SortuEH)
Sortuk sare sozialetan zabaldutako irudia. (@SortuEH)

Jose Arturo Cubillas Donostiara itzuli berri da 34 urte etxetik kanpo egin ostean, Sortuk sare sozialetan iragarri duenez. Cubillas Venezuelara deportatua izan zen bere garaian eta bertan bizi izan da geroztik.

Venezuelako Gobernuan lan egin izan duela salatu dute askotan hedabide espainiarriek eta Auzitegi Nazionala hainbat estradizio eskaera egindakoa da ETArekin lotutako auzi ezberdinen bitartez. 2010ean egin zuen azken saikera, baina Venezuelak uko egin zion.

Etxeratek ostiralean ezagutarazi zuen bezala, Koldo Zurimendi deportatua ere herrialde beretik Amurriora itzuli da 35 urteren ondoren.

Azken urteotan, bai dozenaka euskal iheslari politikok bai eta deportazio egoeran ziren beste batzuk etxerako bidea egin ahal izan dute, oztopo guztiak gaindituz eta Biarritzen 2013an hartuko konpromisoa bere eginez. Hala ere, NAIZek jakin ahal duenaren arabera, oraindik hamarren bat dago egoera horretan, inolako babes legalik ez duen deportazioa ezarrita.

Deportazioa historikoki askotan erabili izan dute estatuek euskal disidentzia ezberdinen aurka, baina azken hamarkadetako formulari dagokionez zehazki 1984. urtean ezarri zuten Parisek eta Madrilek, 70 euskal herritar inguur Panama, Cabo Verde, Ekuador, Dominikar Errepublika, Venezuela, Togo eta abarrera eramanez eta bertatik ateratzea debekatuz. Estatu frantsesak agindu zituen, baina Estatu espainolarekin elkarlanean –edo bultzadaz– eta bien arteko akordio ekonomikoak barne.