Bertsolaritza «euskal kulturari so» jarriko da Miramarren

EHUko Udako Ikastaroen barruan, ‘Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak’ jardunaldiak hartuko ditu bihar eta etzi Donostiako Miramar jauregiak. Euskal kulturaren erronkak aztertuko dituzte, bertsolaritzatik abiatuta. Oraindik eman daiteke izena.

NAIZ|21/08/2019 14:59
Bertsolaritza
Bertso saioa, Donostian. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bertsolaritza euskal kulturaren zati den aldetik, biak ala biak bereizita aztertu beharrean bertsolaritzatik abiatuta euskal kulturaren gaineko hausnarketa egiteko proposamena dakar bihar Donostiako Miramar jauregian abiatuko den ‘Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak’ jardunaldiak.

«Bertsolaritzak bizi dituen mudez eta dudez ariko gara ikastaroan, baina bizi izan dituenak gogoan, distantzia kronologikoak ematen duen argitasunaz», azaldu dute antolakuntzatik.

EHUko Udako Ikastaroen barnean kokatutako jardunaldi honetan hainbat bertsolari eta bertso adituk hartuko dute parte. Bihar, esaterako, Josu Amezaga, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri (hirurak EHUko irakasleak) euskal kulturaren kontsumoaz, sorkuntzaren transmisioaz eta egungo bertsozaletasunaz ariko dira, hurrenez hurren, eta hirurak batuko dituen mahai-inguruan euskal kulturaren erronkak zehazten ahaleginduko dira.

Ostiralean Alberto Irazu, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe bertsolaritzaren artikulazioez ariko dira. «Bertsolaritza artikulazio berriek bizi dute. Ez da ordea lehen aldia: aurrez nozitu izan du artikulaziorik. Eta horri esker, besteak beste, egokituko zen bertsolaritza egungo gizartera. Biziberritu ala hil», zehaztu dute antolakuntzatik. Hala, Irazuk bertsolaritza eta rocka izango ditu hizpide, Maiak 90eko bertsolari gazteak ekarriko ditu gogora, Iguaran egungo bertsolaritzan emakumeek duten presentziaz ariko da eta Artetxe, aldiz, hiztun berriez.

Jardunaldian hitzek soilik ez, kantuak ere izango du lekua. Hala, solasaldiak amaitu ostean komentatutako bertso saio feminista (17.00) izango da: Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal ariko dira kantuan eta solasean, Maite Berriozabalek gidatuta.

Mintzolarik jakinarazi dutenez, oraindik ere eman daiteke izena jardunaldian.