NAIZ

Ikurriñaren kontrako legea egiteko erronka bota dio Navarra Sumak PSNri

2003. urtean, UPNk eta PSNk batera atera zuten aurrera Ikurren Legea, ikurriñaren aurkako erasoaldi bortitza abiatuz. Araua 2017an baliogabetu zuen Legebiltzarrak, baina orain Navarra Sumak berriro ezarri nahi du. Horretarako proposamena sartuko du erregistroan.

Ikurriñaren aldeko aldarria, Iruñeko azken txupinazoan. (Iñigo URIZ | FOKU)
Ikurriñaren aldeko aldarria, Iruñeko azken txupinazoan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskararekin batera, ikurriña izan da UPNren obsesio nagusia legegintzaldiz legegintzaldi. Eta PSNko Maria Chivite buru duen Gobernua osatu berria delarik, gaiari heldu dio berriz orain Navarra Suma denak. Legebiltzarrean eledun den Javier Esparzak gaur iragarri duenez, Ikurren Lege berri bat onartzeko proposamena aurkeztuko dute Ganbaran, eta PSNk aurrera ateratzen laguntzeko itxaropena dutela ziurtatu du.

2003an bi alderdien artean aurrera atera zuten Ikurren Legeak ikurriña eraikin publikoetan jartzeko debekua zekarren, eta istilu askoren iturri izan zen. Legebiltzarrean gehiengo berria sortu ostean, aurreko legealdian, 2017an baliogabetua izan zen araua, nahiz eta ikurriñaren aurkako jazarpena beste bide batzuetatik mantendu duten sektore politiko hauek. Orain Navarra Sumak planteatzen duena zera da; erasoaldi hori berriz ere lege bidez garatzea.

PSNri zuzendu zaio zuzenki Esparza, «hauteskundeei begira hartutako konpromisoen tamainako jarrera» izateko eskatuz.

Agerraldi berean, Nafarroako Toki Mapa aldatu berri duen legea baliogabetzeko ekimena aurkeztuko duela iragarri du Esparzak, orain ere horri dagokionez gehiengo berria izan daitekeela gogora ekarriz. Auzi honetan ere PSNri botatzen dio amua Navarra Sumak.