Naiz
Artzibar

Artziko erromatar terma agerian utzi dute Aranzadiko arkeologoek

Termek indusketak iaz hasi zituzten eta aurten lan horrekin jarraitu dute. Horri esker, bigarren gela bat aurkitu dute eraikinarekin bat ez datozen hainbat objektuekin batera. Aurkikuntzak gizarteari zabaltzeko bisita gidatua egingo dute larunbatean.

14 bolondres lanean aritu dira abuztuan. (ARANZADI)
14 bolondres lanean aritu dira abuztuan. (ARANZADI)

Artziko aztarnategi arkeologikoa mendebaldeko Pirinioak zeharkatzen dituen galtzada erromatarraren ondoan dago, Artzibarreko udalerrian. Aranzadi Zientzia Elkartea 2012an hasi zen bertan lanean indusketa arkeologikoak egiten. Aztarnategiak hainbat eraikin ditu, baina gehien aztertu dena termak dira.

Dakitenez, eraikin horrek 20 metro luze eta 8 zabal ditu, eta gutxienez 5 gelek osatzen dute. Aurreko urtean gelarik handienaren indusketa hasi zuten –berokuntza sistema osatzen duen hypocaustuma–, eta aurten horretan sakontzeaz gain, ondoko gela ere indusi dute arrain hezur forman jarritako adreilu txikiz osatutako zorua duena.

Lanean ari zirela, bestelako materialak ere topatu dituzte, hala nola, zeramika zatiak, eraikuntza material ugari, zepak eta animalia hezurrak. Horiei esker, arkeologoek ondorioztatzen dute termek bestelako erabilera batzuk izan zituztela.

Bolondresen lan garranzitsua

Lan hori egiteko Euskal Herriko txoko desberdinetatik iritsitako 14 bolondresen taldea elkartu da. Udako kanpainan lortutako emaitzak gizarteari erakusteko bisita gidatu bat antolatu dute larunbat honetarako. Bertaratu nahi dutenek 10.45etan aztarnategitik gertu dagoen Artziko jauregian egon beharko dute, 15 minutu geroago bisita hasi ahal izateko.