Euskararen marka lantzeko proiektua abiatuko dute euskalgintzako eragileek eta EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta euskalgintzako zenbait eragilek euskararen marka aztertzeko ikerketa proiektu berritzaile bat garatuko dute. Markagintzan eta marketinean baliatzen diren teknikak hizkuntza plangintzara ekartzea da egitasmoaren muina.

NAIZ|10/09/2019
Euskararenmarka
EHUko eta euskalgintzako kideak, proiektu berria aurkezten. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Alor akademikoan proiektu aitzindaria da EHUk eta euskalgintzako eragile batzuek aurkeztu dutena, markaren kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehenengo aldia delako.

Proiektuan parte hartuko duten eragileen ordezkariak Bilboko Bizkaia Aretoan bildu dira gaur, egitasmoa aurkeztu eta guztien batasuna irudikatu nahian: Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea, Estitxu Garai ikerketa proiektuaren zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Joxemari Sors Elkar Fundazioko lehendakaria, Olatz Olaso Emuneko zuzendari orokorra, Bea Zabalondo Berria Taldeko presidentea, Jon Abril Elhuyar Fundazioko zuzendaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Manuel Moreno Euskaltzaleen Topaguneko ordezkaria, Iñaki Urkijo AEK-ko artezkarikidea eta Josu Amezaga EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko zuzendaria eta NOR taldeko ikertzaile nagusia.

NIK ikerketa taldea

Marka bat eraiki eta elikatzeko prozesuak jendarteko alor guztietara zabaltzen ari dira, pertsonak, lurraldeak eta kultura jakinak ere marka gisa jorratzeko joera gero eta hedatuago baitago. Halere, nazioartean 'hizkuntza markagintza' jorratu duen aurrekaririk ez dago, eta markagintzaren aldaera berri honen kontzeptualizazioa mamitzeko eta proiektua aurrera eramateko propio eratu du unibertsitateko aditu talde batek NIK ikerketa taldea. Estitxu Garai, Irene Garcia, Patxi Azpillaga, Irati Agirreazkuenaga, Angeriñe Elorriaga, Koldo Atxaga, Sergio Monge, Ainara Miguel eta Naroa Jauregizuriak osatzen dute.

Behin markagintzaren jakintza teoriko eta praktikoak hizkuntzaren eremura ekarrita, edozein hizkuntzatan baliagarria izan daitekeen eredua sortzea da asmoa. Teknika kualitatibo eta kuantitatiboak baliatuko dira eta ikerketa hurrengo hilabeteetan egingo den makroinkesta batekin amaituko da. Ondoren, emaitzak lantzearekin batera, marka estrategia proposamena egingo dutela azaldu du Estitxu Garai proiektuaren zuzendariak.

Hizkuntza bakoitza, soineko bat

Emaitzek euskararen erabileran eragiteko bide emango dutela deritzote egitasmoaren bultzatzaileek. Garairen arabera, euskara inguratzen duten narratibek eta euskarari lotutako elkarlan positiboek «eragin zuzena» izan dezakete euskara erabiltzeko motibazioan. Izan ere, gero eta eleanitzagoak diren jendarteetan, komunikaziorako tresnak izateaz gain, hizkuntzek balio sinbolikoa hartzen dute.

«Metaforikoki azalduta, hizkuntza bakoitza soineko jakin bat bihurtzen da, ezaugarri sinbolikoz jositako soinekoa. Euskararen soinekoa jantzita gure burua nola ikusten dugun eta nola sentiarazten gaituen, nola baldintzatzen duen soineko horrek besteek nola ikusiko gaituzten, horra hor proiektu honek landu asmo duena», adierazi du.