NAIZ

Apoyos Metalicos-ek Olaztiko lantegia itxiko du eta 73 langile joanen dira kalera

Apoyos Metalicos-ek bere Olaztiko lantegia itxiko du, «Gamesa bere bazkideak deus ere egin ez duelako, eta Nafarroako Gobernuaren zehaztapen faltagatik», ELAk agertu duenez. Enpresa Batzorde osoak (ELA, LAB eta UGT) akordio bat lortu du, kalte-ordain hobeekin, eta Langileen Biltzarrak akordioa berretsi du bozketan.

Apoyos Metálicos enpresako langileen elkarretaratzea, irailaren hasieran, Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Apoyos Metálicos enpresako langileen elkarretaratzea, irailaren hasieran, Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Apoyos Metalicos enpresak bere Olaztiko lantegia itxiko du, eta horren ondorioz 73 langile geldituko dira kalean. Sakanako enplegu egoera larria areagotuko da, hortaz.

Uztailaren hasieran enpresako Zuzendaritzak (%66a Daniel Alonso taldekoa eta beste %33a Gamesakoa) Olaztiko lantegia ixteko erabakia jakinarazi zion Enpresa Batzordeari.

Apoyos Metalicos enpresako langileek industria-proiektu baten alde egin dute eta horretarako lanuzteak, elkarretaratzeak, manifestazioak... antolatu dituzte. Azken bi hilabeteotan Enpresa Batzordea Gamesa, Apoyos Metálicos-en bazkidea, eta Nafarroako Gobernua erakartzen ahalegindu da, industria-proiektu bat bultzatzeko eta lanpostuei eusteko.

Enpresa Batzordeak zenbait bilera egin ditu Nafarroako Gobernuarekin; baina tamalez hortik ez da batere proposamenik atera, gerora begirako industria-proiektu bat ziurtatze aldera.

Jarduera bera, Asturiasen

«Proiektu hori bultzatzeko arrazoiak ez ziren nolanahikoak: Apoyos Metalicosen jarduera sektore eolikoan bete-betean sartzen da (Akordio Programatikoaren arabera Nafarroako Gobernuak sustatu behar duen sektoreetariko bat) eta deslokalizazio bat gertatuko da, zeren jarduera hori bera Asturiasen eginen dute hemendik goiti», agertu du ELAk.

Salatu duenez, azkenaldiko lan erreformek babesik gabe utzi dituzte langileak, eta Apoyos Metalicos-eko Zuzendaritza horretaz baliatu da lantegia ixteko eta 73 langile kaleratzeko.

Langileek bozketa bat egin zuten atzo eta enpresaren azken proposamena onetsi zuten, kalte-ordainak hobetu baitira. Enpresa Batzorde osoak (ELA, LAB eta UGT) Enpleguaren Erregulazio Espedientea sinatu du.