Kirolbet Baskonia, Oviedoko torneoko finalera

Shavon Shields maila bikainean itzuli da eta Obras Sanitarias talde argentinarrari 71-59 irabazi diete Perasovicen mutilek. Ostegunean 21.00etan jokatuko dute gasteiztarrek Oviedoko San Mateo torneoko finala.

Arnaitz Gorriti|11/09/2019 20:20
Baskonia
Kirolbet Baskoniako Janning eta Miguel Gonzalez jokalariak, Oviedon jokatu duten partidan. (SASKI BASKONIA)

Kirolbet Baskoniak aurrera jarraitzen du bere denboraldi aurrearekin. Oviedon ari dira egunotan Velimir Perasovicen gizonak, San Mateo torneoa jokatzen. Gasteiztarrek aurreneko finalerdia jokatu dute Argentinako Obras Sanitarias taldearen aurka. Shavon Shields bertan izan da, Iruñean jokatu zuen partidan belauneak hartutako kolpea atzean laga ostean; ez ostera Nik Stauskas, bizpahiru astetarako baja izango baita.

Shields bera izan da gasteiztarren saskiratzaile onena, Shengeliarekin batera, aurreneko zatiaren amaieran, zortzina punturekin. Atsedenaldian Perasovicenak 31-36 nagusi izan dira, baina alderik atera ezinda ibili dira bigarren erdi osoan, non eta argentinako taldea behin baino sarriagotan gainera etorri den. Alabaina, azken minutuetan hanka egin eta 71-59 irabazi du.

Bestalde, IDK Gipuzkoa Emakumeen Dia Ligako taldeak hurrengo egunotan bi partida jokatuko dituela aditzera eman du. Ostegunean, Ciudad de los Adelantados (CDB Clarinos) izango dute donostiarrek aurkari Josean Gasca pabilioian 20.00etan. Dia Ligara igo berria den talde honetan IDK Gipuzkoako hiru jokalari ohi daude: Iva Brkic, Vionise Pierre-Louis eta Lyndra Weaver. Ostiralean, hilaren 13an, berriz, Bergaran jokatuko dute Azu Muguruzarenek, 19.00etatik aurrera. Aurkaria Tarbes Gespe Bigorre frantsesa izango da.

Hellen Nystromek ezingo ditu partida hauek biak jokatu, oin batean min duelako. Sukarra duela-eta, Maria Erantzetamurgil ere azken ordura arte zalantza izango da. Hala, Azu Muguruzak aurreneko taldeko gainontzeko jokalariez gain, Uxue Etxarte gaztea ere deialdian izango da.

Emakumeen Euskal Kopa

Bide batez, Euskadiko Saskibaloi Federazioak Emakumeen Euskal Kopa aurkeztu du. Aurreko urteetan egin den bezala, Durangoko Landako kiroldegian jokatuko da hilaren 20 eta 22an. Iaz Gasteizko RPK Araski izan zen irabazle eta aurten ere Emakumeen Dia Ligako gainontzeko euskal taldeekin batera, Madelen Urietarenak Euskal Kopa irabazteko hautagai izango da.

Hasteko eta bat, dena den, RPK Araski, Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Gipuzkoaz gain, laugarren taldea erabaki beharko da. Hilaren 14an eta 15ean Ausarta Barakaldo, GDKO Ibaizabal eta Iraurgiren artean egingo den hiruen arteko deman aterako da laugarren aurkaria. Laugarren honek RPK Araskiren aurka jokatuko du Euskal Kopako aurreneko finalerdia, hilaren 20an, ostiralez, arratsaldeko 17.45etatik aurrera. Bigarren finalerdia, berriz, Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Gipuzkoaren artean, 20,00etan hasita jokatuko da.

Finalerdietako galtzaileak hilaren 22an, igandez, 9.45etan hasita hirugarren postuaren bila ariko dira. Aldiz, finalerdietako irabazleak 12.00etatik aurrera Euskal Kopako finalean lehiatuko dira.

David Rozisits, Delteco GBCren fitxaketa

Bestetik, Delteco GBCk Davis Rozitis pibot letoniarra aurkeztu du. 29 urteko jokalari honek LEB Liga oso ongi ezagutzen du, Lleidan eta Ourensen jokatu baitu Donostiara iritsi aurretik. Bere aurkezpenean Gipuzkoa Basket «anbizioz gainezka» lanean ari dela aitortu du Rozitisek. Hala ere, helburuak aurera aterako badira «zaleen laguntza nahitaezkoa» dela adierazi du 2,13 metroko jokalariak.