Batera plataformaren foroa, Euskal Elkargoaren auzietan sakontzeko

Bi hitzaldi antolatu ditu Batera plataformak datozen hilabeteetan mahai gainean izango diren auzi garrantzitsuak jorratzeko. Euskal Elkargoaren kudeaketa eta funtzionamendua izango dituzte aztergai irailaren 21ean Baionako Arte Eskolako auditoriumean. Estatu fratseseko bost aditu izango dira hizlari nagusiak.

Haritz Larrañaga|12/09/2019
Batera_plataforma
Nicolas Blain eta Jakes Bortayru, Batera plataformako ordezkariak. Bob EDME

Iazko udazkenean Euskal Elkargoaren funtzionamenduari buruzko herritar auditoria bat egin zuen Batera plataformak, eta handik ateratako emaitzak urtarrilean aurkeztu zituzten. Ordea, «diagnostikoan agertu ziren zenbait puntuk gaurko koadro instituzionala gainditzen zuten, beraz une hartan egungo funtzionamenduan zentratzea erabaki genuen, baina ez genituen nahi alde batera utzi koadroak gainditzen zituzten puntuak eta, aparte, beranduago tratatzea erabaki genuen», azaldu du Jakes Bortayruk, Baterako bozeramaileak.

Hain zuzen ere, iazko saioan alde batera geratu ziren aferak dira aurten aztertuko dituztenak, eta horretarako, «kanpoko esperientziak aztertu nahi» dituztela nabarmendu dute Baionan eskainitako prentsaurrekoan. «Beste leku batzuetan zer nolako eboluzioa eman den ikusteko», zehaztu du Bortayruk.

Bestalde, antolatzaileen hitzetan, «egungo panorama politikoan eta elkargoak duen aktualitatean bete-betean txertatzen da Foroa», zeren mahai gainean bi auzi garrantzitsu daude, bata gobernantza ituna litzateke, eta bestalde, hurrengo hauteskundeei begira, mahai gainean izango da Elkargoak nolako funtzionamendua izango duen. Horregatik, «foroak eztabaida horri ekarpen bat egin diezaiokeela» berretsi dute.

Helburuak baztertu gabe

Baterako bozeramaileek hastapeneko helburua ez dutela baztertu oroitarazi dute, hau da, Lurralde Kolektibitate bereizi baten alde lanean jarraitzen dute, baina artean, Euskal Elkargoa sortu zenean hartu zuten konpromisoaren baitan Elkargoa gertutik jarraitzen dute, eta zentzu horretan, gogoeta elikatu nahi dute. «Egitura horrek funtzionatzen du? Hurrengo etapetarako nola prestatu?» galdetu dute Baterako ordezkariek.

Egun Estatu frantsesean pil-pilean diren eztabaidak, zein datozen hilabeteetan emango diren eztabaidek ondorio zuzenak izango dituzte Ipar Euskal Herriko instituzioetan. Esate baterako, «engaiamendua eta gertutasunari» dagokion lege proposamena dago mahai gainean, urrian Asanblea Nazionalean aztertuko dena, eta bestalde, Konstituzio erreformaren eztabaida hauteskundeen ostean emango da. 

Bi hitzaldi, bi zango

Nicolas Blain Baterako kideak azaldu duenez, «beti bi zangoren gainean ibili izan gara, bata Iparraldearen aitortza politiko eta instituzionala da, eta bestea, kudeaketan oinarritzen da, hau da, hemengo biztanleen arazoei erantzuteko tresna instituzionalak sortzea, politika publikoak maila egokian tratatzeko». Bi irizpide horiek kontuan hartuta antolatu dituzte irailaren 21eko hitzaldiak.

Lehen hitzaldia goizeko 9.00etan hasiko da. «Nortasuna eta lurraldetasuna. Instituzioen legitimitatea» goiburua izango du hitzaldiak eta bi hizlari izango dira, Alain Faure politikari ikerlaria eta Vincent Simoulin, Tolosako Zientzia Sozialeko unibertsitatean irakaslea. Bertako erakundeen aitortza eta kudeaketa izango dituzte hizpide.

Bigarren hitzaldia 10.45ean hasiko da eta hiru hizlari izango dira; Jo Spiegel, Kingersheimeko auzapeza, Manon Loisel, ACADIE kooperatibako gerentea, eta Bruno Julliard, Parisko lehen axuanta ohia. Bigarren hitzaldi honetan Euskal Elkargoaren antolaketa nola hobetu eta parte hartzea nola sustatu aztertuko dute.