NAIZ

Zinemaldiak barkamena eskatu du sarreren salmentan sortutako kaos egoeragatik

Goizeko bederatzietan zen Zinemaldirako sarreren salmenta hastekoa baina, arazo teknikoak medio, ezin izan da sarrerarik eskuratu inongo bidetik. Antolakuntzak  sarreren salmenta eten eta 12.30ean berrezarri du sistema eta barkamena eskatu du, sortu den kaos egoeragatik.

Ilara luzea sortu da Kursaal atarian. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Ilara luzea sortu da Kursaal atarian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zinemaldirako sarreren salmenta noiz hasiko zain egon ohi dira zinema zaletuak, baina gaurkoan itxaronaldia ohi baino luzeagoa egin zaie. Goizeko bederatzietan zen irekitzekoa 67. edizio honetarako sarreren salmenta, baina arazo teknikoak tarteko salmenta guztiz etenda geratu da eta 12.30ak arte itxaron behar izan dute zinema zaletuek sarrerak eskuratzen hasteko, horrek sortu duen nahasmen egoera eta haserreekin.

Hala, Zinemalditik gertatutakoaren analisia egin eta oharra bidali dute prentsara. Bertan, jaialdiaren zuzendaritzak barkamena eskatu die «kaltetutako guztiei, eta sortutako eragozpenak deitoratzen ditu».

Azaldu dutenez, bezperan zein goizeko lehen orduan sistemaren azken kontrolak egin eta ustez dena egoki zegoela frogatu den arren, salmenta hasi orduko sistemak huts egin du eta ezin izan da sarrerarik saldu, ez leihatilan eta ezta internet bidez ere. Arazoaren jatorria teknikoa izan dela baieztatu dute: «Zinemaldiari sarreren salmentaren sistemaren oinarri teknologikoa hornitzen dion enpresak sistema dagoen datu-baseko bideratzaile batean aurkitu du. Partzialki konpondu da, baina kanal baten bidez erostea ez zuen baimentzen». Gauzak hala, Zinemaldiko zuzendaritzak salmenta etetea erabaki du, bai Kursaaleko eta Zinemaldi Plazako leihatiletan zeudenentzat eta baita internet bidez erosi nahi zutenentzat ere, «aukeren berdintasuna babesteko».

Dena den, Zinemaldiko sarrerak eskuratzeko itxaronaldi luzeak egin beharrarena eta sistema informatikoek kale egitearena ez da berria. Eta horri ere erreferentzia egin diote aipatu oharrean: «Urtero zerbitzuan hobekuntzak egiteko lan egiten dugu. 2019an zerbitzari indartsuagoak gehitu dira, besteak beste, birtualizazio teknika modernoenak, baita kargatzeko balantzadorea interneten sartzeko ere, aldi berean eskaera guztiak behar bezala erantzuteko asmoz», argudiatu dute, baina akatsaren jatorria «beste prozesu batean» zegoela esan eta «600 erosketa aukera baino gehiago aldi berean eskaintzeak» duen «konplexutasun tekniko handiari» egotzi diote errua.

Atzerapenak atzerapen, 12.30etan sistema berrezarri denetik 16.00ak bitartean 42.000 sarrera saldu direla jakinarazi dute, «nahiz eta sistema motela izan, eskaera kopuru handiagatik».

Funtzionamendu eraginkorra lortzeko bidean lanean jarraituko dutela ziurtatuz itxi dute mezua.

Lehen ordutik arazoekin

Goizeko lehen ordutik sortu dira arazoak sarreren salmentarekin, eta Zinemaldiak bere Twitter kontutik eman du egoeraren berri: «Arazo teknikoak direla eta, ezin dira sarrerak saldu edozein salmenta kanaletik. Jakinaren gainean mantenduko zaituztegu. Barkatu eragozpenak», esan dute.

Egoerak ordenagailuaren aurrean internet bidez sarrerak erosteko zain zeudenen zein Kursaal atarian ilara egiten ari diren dozenaka lagunen haserrea piztu du. Asko izan dira Twitter baliatuz euren haserrea adierazi dutenak, ilara egiten orduak zeramatzatenek ere adierazi dute eurena, eta egoeraren aurrean antolakuntzatik barkamena eskatu eta intzidentzietarako behin behineko telefono zenbakia jarri dute: 943 05 55 30.

Zinemaldirako sarrerak gaur goizeko bederatzietan irten behar zuten salmentara, horretara bideratutako kanaletatik: Zinemaldi Plazako leihatilan (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal Elkarguneko leihatilan (10 sarreratik beherako erosketetarako eta Sail Ofizialeko abonamenduetarako) eta interneten (sansebastianfestival.janto.es eta tickets.kutxabank.es).

Salmenten sarrera etenda egon da 12.30ak bitartean.