NAIZ

Garaipenak Ordizia eta Biarritzentzat, egurra jaso du Hernanik

Goierritarrek 44-7 irabazi diote Burgosi, Hernanik 62-17 galdu du Ciencias indartsuaren zelaian eta Biarritz 30-12 nagusitu da etxean Oyonnaxen aurka.

Ordiziak garaipen bikaina lortu du Altamiran (Ainhoa MURIEL)
Ordiziak garaipen bikaina lortu du Altamiran (Ainhoa MURIEL)

Ampo Ordiziak bikain ekin dio Ohorezko Mailari UBU Colina Clinic taldeari Altamiran 44-7 irabazita. Goierritarrak hasieratik nagusitu dira jokoan, baina lehen zatian kosta egin zaie markagailuan puntuak batzea.

Hala ere, atsedenaldira 13-0 aurretik joan dira ordiziarrak, batez ere Valentin Cruzek hankarekin egindako jaurtiketak ongi asmatu dituelako, Burgosekoek egin ez dutena aukera onak izan arren. Matotok entsegu bat ere lortu du.

Baina bigarren zatian aurrenekoan falta izan den argitasun dena izan dute erasoan euskaldunek. Konturatzerako 41-0 aurreratu dira markagailuan eta neurketa tramite hutsa bilakatu da. Guztira lau entsegu lortu ditu Ordiziak: Oier Goiak bi eta bana Asier Kortak eta Gonzalo Vazquezek.

Partida zaila Hernanik

Bestalde, Hernanik bazekien denboraldi hasiera zaila zuela, Ciencias indartsuaren zelaian. Eta halaxe izan da. Hernaniarrek 62-17 galdu dute Sevillan, hasieratik aldapa gora ipini den dema batean.

Andaluziarrek bederatzi entsegu lortu dituzte, hiru Manuel Morenok eta bi Juan Dominguezek, eta ez diete aukerarik eman gipuzkoarrei (Hernaniren entseguak Ugaitz Otañok eta Mikel Perezek sinatu dituzte).

Bigarren garaipena Agileran

Biarritzek, azkenik, bigarren garaipena eskuratu du ProD2 Ligan, Oyonnax 30-12 mendean hartuta. Lapurtarrek bigarren zatian apurtu dute neurketa, hiru entsegurekin. Stark, Ruffenach eta Peyresblanques izan dira baloia marra atzean kokatzea lortu dutenak (lehen zatian James Hart izan da laugarrenaren egilea), eta kanpokoek ez dute bakar bat ere lortu.