Naiz

G7ren karietara atzeman zituzten «dozena bat» lagunen aurkako auzia, ostiralean Baionan

Aman Komunak sareak gaur ohar baten bidez jakitera eman duenez, heldu den ostiral arratsaldean, auzia izanen da Baionako epaitegian G7ren aurkako protestetan atzeman zituzten «dozena bat» herritarren aurka.

Polizikideak, Baionako kaleetan G7ak iraun zuen bitartean. (Guillaume FAUVEAU | AFP)
Polizikideak, Baionako kaleetan G7ak iraun zuen bitartean. (Guillaume FAUVEAU | AFP)

Aman Komunak sareak azaldu duenez «atxilotuen eta presondegiratuen lekukotasunak pixkanaka azalarazten diren heinean, Poliziak zer nolako bortizkeria eta inpunitatea erabili zituzten konturatzen gara».

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak emandako datu ofizialen arabera, orotara 146 herritar atzeman zituzten, Euskal Herrian eta gainerako lurraldeetan ere. Horretaz gain 16 bat lagun Estatu frantsesetik kanporatu zituzten.

Bost lagun -horietatik euskal kostara zetozela atzeman zituzten hiru gazte aleman- espetxean sartu zituzten eta ondoko aste eta hilabetetan auzi anitz aurreikusten dira.

«Azpimarratzekoa da atxiloketa bakarra ere ez dela bortizkeria kasuengatik burutu eta, nahiz Baionako prokuradoreak kontrakoa adierazi, ia atxiloketa guztiak neurri prebentibo gisa egin zituzten», azaldu du Aman Komunakek.

Horretaz gain 16 bat lagun urruntze neurriak jaso zituztela, Estatu frantsesetik kanporatuak «lanjerosak zirelakoan», oroitarazi du sareak.

Joan zen astean auzi bat izan zen Akizen (landak) eta ostiralean, berriz, «dozena bat» lagun auzipetuko dituzte Baionan, Aman Komunakek jakitera eman duenez.

Horren karietara, atxilotu, inkulpatu eta espetxeratu dituzten lagun guztiekin elkartasuna adierazteko deia zabaldu du Aman Komunak.

Baionan bazkari bat antolatu dute auzitegiaren aitzinean eta arratsaldean Epaiska elkarteak ateak zabalduko ditu, Baiona Ttipian, auzipetutakoen sostenguz.