Haritz Larrañaga

Baionako Etxepare Lizeoko ikasleek «Altsasukoak» sostengatu dituzte

Ikasketak eten eta elkarretaratzea egin dute Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek, «Altsasuko gazteen eta haien familiei babesa erakusteko». Espainiako Auzitegi Gorenean defentsak aurkeztutako helegiteak aztertuko dituzte bihar.

Etxepare Lizeoko ikasleak ikastetxe atariko biribilgunean bildu dira. Guillaume FAUVEAU
Etxepare Lizeoko ikasleak ikastetxe atariko biribilgunean bildu dira. Guillaume FAUVEAU

Bazkalorduan atera dira 200 ikasle inguru Baionako Bernat Etxepare Lizeotik. Lehenik bilkura bat egin dute ikastetxean eta handik trikitixa doinuekin abiatu dira kanpo aldean dagoen biribilgunera. Hamasei eta hemezortzi urte arteko ikasle gehienak atera dira manifestazioan parte hartzera.

«Altsasukoak askatu», izan da manifestariek gehien errepikatu duten kontsigna, baina izan da mezuak igortzeko bestelako modurik ere. Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteen 2019ko txapelduna den Nahia Etxeberrik kantuz igorri du sostengu mezua. Batez ere espetxean diren Altsasuko gazteen senideak izan ditu gogoan bertsolari baionarrak, eta haiei zuzendu die ikaskideek txalotu duten bertsoa.

Elkarretaratzeak iraun duen ordu erdian ibilgailu andana pasatu da Baiona gainaldean den biribilgunetik eta haietako batzuek klaxona jo dute, gainera, ikasleen protestarekin bat egiten zutela adierazteko. Horren ostean, berriz ere trikitiak astinduz ikasgeletara itzuli dira ikasle gazteak.

Gazte Guneko iniziatiba

Pasa den abuztuan G7aren gailurraren kontra Hendaia eta Irun artean antolatu ziren ekimenetatik sortu zen Altsasuko kasua salatzeko elkarretaratzea egitearen ideia. Hendaiako Kaneta auzoan ezarri zuten Gazte Gunean egin ziren hitzaldietan izan ziren Bernat Etxepare lizeoko zenbait ikasle, eta Altsasuko kasuaren berri eman zuten hitzaldi baten ostean haiek ere «zerbait egiteko beharra» sentitu zutela adierazi du elkarretaratzean parte hartu duen ikasleetako batek.