Ibai AZPARREN

Parlamentuan kateatu dira LABeko kideak, Imanol Salinasen balizko kartzelaratzea salatzeko

LABeko zortzi sindikalista Nafarroako Legebiltzarraren atarian kateatu dira astearte honen eguerdian, Imanol Salinasen balizko kartzelaratzea salatzeko. Prekarietatearen aurkako ekintza batengatik 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote LABeko arduradunari.

LABeko kideak Parlamentuaren atarian kateatu dira. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
LABeko kideak Parlamentuaren atarian kateatu dira. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Iruñeko Zigor Arloko 4. Epaitegiak 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Imanol Salinas LABeko kideari Iruñeko 'La Sangiovesa' jatetxeko lan gatazkan protesta sindikal bat bozgorailu batekin dinamizatzeagatik. Helegitea aztertzen ari diren epaileek aurreko epaia berresten badute, sindikalista kartzelan sartuko dute.

Horren aurrean, LAB sindikatuko zortzi kide Parlamentuan kateatu dira gaur eta «Borroka sindikala aurrera» zioen pankarta zabaltzen saiatu dira, baina Parlamentuko foruzaingoek galarazi dute.

Itsaso Torregrosa LAB Iruñerriko idazkari nagusiak «Nafarroan LAB sindikatuaren kontra eraso ezberdinak ematen ari direlako» jokatu dutela horrela azaldu du. «Gure ekintza sindikala epaitu nahi dute eta argi dugu ez dugula onartuko», adierazi du. 

Gainera, Salinas «berehala espetxeratua izateko» arriskua dagoela nabarmendu du, akusazioak «oso larriak» direla gaineratuz: «Megafono bat, pankarta bat eta pegatina batzuk ez dira delitu, baina batzen baditugu delitu bihurtu daitezke eta horrek gure ekintza sindikala balditzatu dezake».

Era berean, Torregrosak «lan sindikala egiteagatik eta eskubide batzuk aldarrikatzeagatik espetxean amaitzea onartezina» dela azpimarratu du. «Parlamentuan gaude, beraz, Nafarroako Gobernua eta Parlamentuko politikariak interpelatzeko», azaldu du.

Azkenik, LAB Iruñerriko idazkari nagusiak irailaren 28an (hurrengo asteko larunbatean), 17.30etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik aterako den manifestazioan parte hartzera animatu du nafar jendartea.

Foruzaingoak zortzi sindikalistei kateak kendu dizkie eta segituan identifikatu ditu. Azkenik, aske geratu dira «Borroka sindikala aurrera» eta «Imanol libre eta gurekin» oihuen artean.