Asier AIESTARAN

Bidasoak talde lanari esker irabazi du Benidormen (18-22)

Asobal Ligako bigarren garaipena eskuratu dute irundarrek orain arteko bi partidak irabazita zegoen taldearen kantxan. Hamar jokalarik sartu dute gutxienez golen bat, talde luzea dutela erakutsiz.

Lan bikaina egin du Kauldik (Jon URBE / FOKU)
Lan bikaina egin du Kauldik (Jon URBE / FOKU)

Bidasoak Asobal Ligako bigarren garaipena lortu du Benidormen 18-22 irabazita. Talde lanari esker lortutako emaitza izan da: Bidasoan gutxienez hamar jokalarik sartu dute golen bat, eta etxeko taldean lau jokalarik bakarrik asmatu dute ate aurrean.

Lehen zatiaren hasieran asko kosta zaie bi taldeei golak sartzea. Bidasoa ez da gaizki hasi erasoan, baina baloi erraz batzuk galdu ditu eta, batez ere, Tercariol atezainak eragotzi ditu gipuzkoarren gol asko.

Tesoriere berak atezainik gabeko jokaldi batean baloia kanpora bidali du, adibidez, eta Benidormek ederki baliatu ditu opariak 5-3 aurreratzeko. Jacobo Cuetarari ez zaio asko gustatu ikusi duena, eta partida gelditzea erabaki du.

Ongi etorri zaie geldialdia euskaldunei, une horretatik aurrera sekulako erakustaldia eman dutelako, bai erasoan eta bai defentsan. Erasoan Kauldi Odriozolaren bi gol ikusgarrik eman diote hasiera Bidasoaren susperraldiari, Mikel Zabalak eman dio jarraipena bi kontraeraso bikain amaituz, eta Iker Serrano ere gehitu da festara, sei metrotan sekulako lana eginez.

Defentsan ere nabarmentzekoa izan da Seri, Renaud eta konpainiaren lana, Benidorm zortzi goletan uzteko, eta baita Rangelena ere atepean. Atsedenaldian 8-13koa zen emaitza eta Bidasoak dena alde zuen bi puntuak bereganatzeko.

Bigarren zatia ere ez da oso ongi hasi irundarrentzat. Benidormek Rodriguez atezain gaztea atera du eta hiru gol sartuta 11-13 hurbildu da markagailuan –okerragoa izan zitekeen Rangelen geldiketengatik izan ez balitz–. Cuetarak, haserre, beste hutsarte bat eskatu behar izan du.

Bederatzi minutu egon da Bidasoa golik sartu gabe, eta azkenean Rodrigo Salinas izan da 11-14koa egin duena, txiletarraren aurreneko gola partidan. Lehia hartu-eman bizian bilakatu da hortik aurrera, eta horrek on egin die bisitariei.

Alvaro Cabanasen goiei esker (11 guztira, bere taldeak lortutakoen bi heren ia), Benidorm 14-16 hurbildu da lehenik, eta baita 17-18 ere gero Pabanen gol baten ostean. Une zailak izan dira Bidasoarentzat, baina orduan Jon Azkue eta Leo Renaud azaldu dira berriz ere taldeari arnasa emateko.

Zorionez Bidasoarentzat, azken minutuetan ez da aldaketarik izan eta beste bi puntu gehitu ditu sailkapenean. Indarra hartzeko modurik onena larunbatean berriz ere Txapeldunen Ligari heltzeko, Artalekun Cocks talde finlandiararren aurka 16.00etan hasita.