NAIZ

Tokiko barazki, haragi eta arrainaren salmenta igo du Eroskik

%8,7 igo da barazkien salmenta, %7,8 haragiarena eta %10 arrainarena Eroskiren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako dendetan aurtengo lehen seihilekoan. Jogurten, esne freskoaren, eztiaren eta arrain kontserben salmentak ere gora egin du.

Eroskik EAEko 300 hornitzaile txikiren 2.000 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu. (EROSKI)
Eroskik EAEko 300 hornitzaile txikiren 2.000 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu. (EROSKI)

Eroskik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 300 hornitzaile txikiren 2.000 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu. 1.900 hornitzailerekin ari da lanean EAEn, eta 650 milioi eurotik gorako erosketa egiten die urtero.

Aurtengo lehenengo seihilekoan, barazkien, haragiaren eta arrainaren salmenta igo du kooperatibak. Arrandegian saltzen duena %10 igo da, eta barazkien atalean saltzen duena, berriz, ia %9.

Azken honetan lankidetza proiektu bat gidatzen ari da Eroski tokiko ekoizleekin, «baratzegintzak hemen duen errentagarritasuna hobetzeko, dibertsifikatuta eta labore berriak era jasangarrian landuta». Proiektu horren bidez, barazki aldaera berriak ekoiztea sustatzen da. Lakuak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen dute.

Harategian, Hazirekin eta Harakai-Urkaiko kooperatibarekin

Bestalde, Harategian, Eroskik hitzarmena sinatu du Hazi Fundazioarekin —Eusko Labelaren ziurtagiria darama organismo horrek—, eta Harakai-Urkaiko kooperatibarekin ere bai —Euskal Okela AGBaren ziurtagiria daraman haragia Eroski Natur Euskal Okela marka propioarekin merkaturatzeko—. Horietaz gain, hor daude Eroski Seleqtia markaren bidez saltzen dituen haragi sail berriak, km0 bereizgarriarekin; horri esker, tokiko haragiaren salmentak %7,8 igo dira urteko lehen sehilekoan.

Jogurten eta esne freskoaren salmentak ere ia %20 igo dira. Kooperatibak bere markarekin saltzen du bertako esnea, PLS zigiluarekin, eta guzti-guztia hemen ekoitzia dela bermatzen du.

Nabarmentzeko beste kategorietako bi eztiarena eta arrain kontserbena dira, zeinak kasik %20 igo baitira urteko lehen seihilekoan. Sagardoaren salmentak ere %7 igo dira. Euskal Sagardoa zigiluarekin egiaztatua dagoen kalitatezko sagardo bati bere marka jarri dion lehenengo banaketa katea izan da kooperatiba.

«Gure ustez, sagardoaren eta barazkien sektoreetan egiten ari garen lana giltzarria da gure inguruneko ekonomiaren, kulturaren eta paisaiaren jasangarritasunean laguntzeko. Osasunaren eta jasangarritasunaren arloan hartua dugun konpromisoak garamatza ingurunearen garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzera, eta, orobat, enplegua eta tokian tokiko aberastasuna sustatzera eta kultura gastronomikoa errespetatzera», adierazi du Asun Bastida Eroskiren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak.

«EAEn, nekazaritzako elikagaien 300 ekoizle txikirekin baino gehiagorekin dihardu Eroskik 2.000 produktu pasa saltzen. Erosketak egiten dizkie epe erdiko eta luzeko akordioen bitartez, eta horrek egonkortasuna dakarkio nekazaritzako elikagaien sektore jasangarri eta oso dibertsifikatu bati», gaineratu du.

Janari banatzaileetan lehena EAEn

Kooperatiba izaera duen lehen banatzailea da Eroski eta liderra EAEko elikagaien banaketan. 404 saltokiko sare komertziala du bertan; hipermerkatu eta supermerkatu propio nahiz frankiziatuak, eta dibertsifikazio dendak, baita on line supermerkatua ere.

Halaber, banatzaile bakarra da erosketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako edozein etxetara eraman ditzakeena. Eroski Clubek 770.000 bezero bazkide ditu bertan.