G7ko gailurraren osteko auziak salatzeko hainbat ekimen eginen dituzte

G7ko goi-bileraren denboran Polizia atzeman zituen hamabi bat lagunen aurkako auzia iraganen da, gaur arratsaldean, Baionako auzitegian. Horren karietara elkartasun bazkaria eta elkarretaratzea antolatu dute. Euskal Herria Baik agiria plazaratu du G7k ordezkatzen duen eredua salatu izanagatik frantses Estatuak zabaldu duen errepresio bidea gaitzesteko.

Naiz|20/09/2019
Detenido2
Baiona Ttipian atxilotu zutenetako bat. (Thomas SAMSON | AFP)

EH Baik salatu duenez, iragan agorrilaren 24tik 26ra iragan zen gailurrak aztarnak utzi ditu Euskal Herrian. Gailurrak inposatu zuen «presentzia poliziala eta giro sekuritarioa» nabarmendu du EH Baik, gaur eta urte bukaera bitartean aurreikusten diren auziak testuinguru horretan kokatuz. Bere agirian, onartezintzat jo ditu auzi horiek, eta hamarnaka herritarren aurka zabalduriko prozedura judizialak bertan behera uzteko eskatu du.

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak emandako datu ofizialen arabera, orotara 164 herritar atxilotu zituzten G7ko gailurraren denboran.

Horrez gain, 16 bat lagun frantziar Estatutik kanporatu zituzten. Bost lagun –horietatik euskal kostaldera zetozen hiru aleman– presondegira sartu zituzten.

Gaur arratsaldean dozena bat lagun Baionako auzitegirat deitu dituztela salatzeko elkartasun bazkaria eta elkarretaratzea deitu dute.

Aman Komunak sareak nabarmendu duenez, «atxilotuen eta presondegiratuen lekukotasunak pixkanaka azalarazten ari diren heinean, Poliziak zer nolako bortizkeria eta inpunitatea erabili zituen konturatzen gara».

Sareak azaldu duenez, «azpimarratzekoa da atxiloketa bakarra ere ez dela bortizkeria kasuengatik burutu eta, nahiz eta Baionako prokuradoreak kontrakoa adierazi, ia atxiloketa guztiak neurri prebentibo gisa egin zituzten».

Horrendako, sareak atxilotu, inkulpatu eta preso diren lagun guziei elkartasuna adierazteko deia luzatu du.