Xole ARAMENDI
Interview
Maddi Barber
‘Urpean lurra’ filmaren zuzendaria

«Lurralde bat itotzean ez dakigu kolektiboki nola sentitu, sufritu»

Lakaben bizi izan zituen bere bizitzako lehen hamabost urteak eta iltzatuta geratu zaizkio haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak. Itoitzeko urtegiak urperatu zizkion etxe, eskola zein txoko kuttunak. Berari bezala beste hainbat bizilagunei. ‘Urpean lurra’ erdimetraia dakar Zabaltegira, «592 metroz gaindi» lanari jarraipena emanez.

Maddi Barber bigarrenez dator Zinemaldira bere proiektua besapean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Maddi Barber bigarrenez dator Zinemaldira bere proiektua besapean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Nola bizi gaitezke bailaran jakinda ur azpian gure herriak daudela? galderari erantzun zion iaz ‘592 metroz gaindi’ dokumentalak. Non geratzen da urpean dagoen lurra? galderarekin dator Maddi Barber (Lakabe, 1988) orain ‘Urpean lurra’ erdimetraiarekin, diptikoa osatuz.

Pozik dago emaitzarekin, baita Zinemaldiak bigarrenez bere lana bertan aurkezteko eman dion aukerarekin. «Bigarren zatia denez ixteko modu ederra iruditzen zait leku berera bueltatzea; nolabait zikloa ixten da».

Bazuen kezkarik ‘Urpean lurra’ gure mugetatik kanpo ulertuko ote zen. Baina Hautatze Batzordearen erabakiak uxatu ditu beldurrak.

Iazko Zinemaldiko esperientzia positiboa izan zen. «Hasieran urduri nengoen baina jendearen interesa eta harrera ona sentitu nuen, oso ongi sentitu nintzen. Pasa den urtera arte ez nuen ulertu Zinemaldia zein handia den, orduan ikusi nuen ze dimentsio daukan. Zenbat gauza gertatzen diren momentu berean, zenbat ziklo, industriari lotutako ekimenak, oso makinaria handia da!», esan du.  

Bere baitatik abiatu zen proiektua, kezka pertsonaletik. «Oso lotuta nago nire sorlekuari». Motibazioa ez zen izan jendarteak izan zezakeen beharra. Baina behin eginda, ikusleen esker ona jaso zuen. «Nafarroan eta batez ere zonaldean filma ikusi dutenean, hor bai, jendeak asko eskertu du». Zinemaldiaren ondoren Nagoren egindako emanaldia ez du berehalakoan ahaztuko. «Oso momentu ederra eta gogorra izan zen, era berean. Bertaratutakoak hasi ziren bakoitza bere bizipenak kontatzen eta jende asko etorri zitzaidan eskertzera, han oso bizirik dago kontua».

Lehenengo lana ez bezala, ‘Urpen lurra’ dolu komun baten beharretik sortu da. «Horretaz hitz egin izan dugu bailarako herritarron artean. Pertsona bat hiltzean baditugu dolua egiteko lekuak eta moduak baina lurralde bat itotzen denean ez dakigu hori kolektiboki nola sentitu, nola sufritu. Eta horren beharra zegoela bai, somatzen nuen», azaldu du.

Dolua. Mina hitzetara ekartzea. «Oraindik hitz egin gabeko gauza piloa azaleratu dira, itxi gabe dauden minak, eta filma egiteak ekar dezake doluaren hasiera, elkarrizketaren hasiera. Isiltasuna apurtzen da. Gaiaz hitz egiten duzunean, zure kontzientziara ekartzen duzunean, zurekin dago eta zerbait aldatu egiten da hor», aitortu du zinemagileak.

Urak herriak estali ditu, baina ez du ahanztura ekarri. «Guk fisikoki badakigu non dauden herriak. Egun batean zati bat bistaratzen da uretatik eta guk badakigu hura noren txokoa zen eta badakigu hortik 200 metrora herria zegoela. Urak ezinezkoa egiten du bertara sartzea baina hor zerbait dagoenaren kontzientzia daukagu», dio.

Zinema bidea da Barber-entzat. «Prozesua da, filman agertzen diren guztiak nirekin lanean aritu dira hilabete hauetan».

Filmaren hasieran bizilagunei eman die ahotsa. Nork bere ametsak kontatzen ditu kamera aurrean, Barber barne. Naturari ondoren –ura, haizea, zuhaitzak...–. Gizakiaren txikizioa dator gero, urtegiaren eraikuntza. Haren aurkako ekintzak, Itoitzekiko Elkartasun Taldearen artxiboko irudiak tartekatuz. Denboran atzera-aurrera etengabea.

80 grabazio ordu

«Aurreko filma egin nuenerako eskuratu nituen artxiboko irudiak baina oso desberdinak ziren, egiten ari nintzen filman ez ziren sartzen. Orduan pentsatu nuen bigarrena egin behar nuela,  oso material desberdinak zirelako». Denera 140 zinta dira, 80 grabazio ordu.

«’592 metroz goiti’ errodatzen ari nintzela konturatu nintzen bizilagunek amets egiten zutela. Eta ni ere ametsak izaten hasi nintzen filmarekin hastearekin batera. Bestalde, paisaia zegoen, gaur egungo lurraldea, ordukoaz hitz egiten duena, adibidez zuhaitzak, erdia uretan eta beste erdia uretatik kanpo daude. Zuhaitz horrek beste bizi bat zeukan lehen eta seinalatzen dizu zer zegoen ur azpian. Baita uretan bukatzen diren errepideek ere. Hiru elementuekin ari nintzen. Buruhauste handia izan nuen, eta hiru elementuak nik elkartzeak zentzurik ez ote zeukan beldur nintzen. Film honen erronka horixe izan zen, hiru elementuak erlazioan jartzea».

Muntaia ikusentzunezko proiektu denetan bada erabakiorra, kasu honetan zer esanik ez, gidoirik gabe egin baitu lana lakabearrak. «Mirari Etxabarri, Gerard Ortin eta hiruok muntaiaren prozesuan sortu genuen filmaren egitura eta nola transitatu material batetik bestera erlazioak sortzen», dio.

Zinema munduarekin harremanetan jartzeko tresna da Barber-entzat. Eta Antropologiak munduan kokapena eman dio. Ikusentzunezko Komunikazio ikasketak egin, hainbat ekoiztetxetan lanean aritu eta filmagilea izatea erabaki zuen. Baina zer kontatu, nondik?

«Ez nekien nondik kontatu nahi nituen istorioak, ze istorio mota kontatu nahi nituen. Nafarroako Gobernuaren bekari esker Manchesterrera joan nintzen Ikus-Antropologia ikastera. Zinemagilearen posizionamenduari jartzen dio arreta –azaldu du–. Etikoki non nagoen jakiten lagundu dit Ikus-Antropologiak, erraminta eman dit. Izan ere, filmatzea beti da ardura».

Beretik abiatzen da. «Ni inplikatuta nagoen gaiak interesatzen zaizkit. Hortik abiatzen naiz, nire ezagutzatik, nire ingurutik... Horregatik erabaki dut ni ere filman agertzea. Bestela beti gaude zinemagileak besteak grabatzen eta ni ere hor nagoela adierazteko nolabaiteko ardura neukan. Filman agertzen direnek oso pertsonala den zerbait partekatzen dute eta inportantea zen niretzat ni ere maila berean jartzea, nire burua leku horretan jartzea», aitortu du.

Hamabost urterekin utzi zuen Lakabe eta Iruñean gustura bizi den arren herri txiki batean bizitzearekin egiten du amets.