Amalur ARTOLA
DONOSTIA

‘Proxima’: Amatasuna vs. profesionaltasuna

Eva Greenek antzeztutako pertsonaiak astronatua izan nahi du, baina arazo bikoitza du: emakume izatearekin nahikoa oztopo ez eta, gainera, ama da. Alice Winocour zuzendari frantsesaren hirugarren filma da ‘Proxima’, amatasuna eta profesionaltasunaren harreman arantzatsuaz diharduen filma.

‘Proxima’ filmeko protagonistak. (Jon URBE/FOKU)
‘Proxima’ filmeko protagonistak. (Jon URBE/FOKU)

‘Augustine’ (2012) eta ‘Marykand/Disorder’ (2015) filmeen ondotik, ‘Proxima’ filmarekin sartu da Alice Winocour zuzendari frantsesa Urrezko Maskoarren lehian. Bertan, astronauta bezala etorkizun oparoa atzematen zaion eta Martera bidaiatzeko prestaketetan hastear den astronauta frantsesa aurkezten zaigu. Eva Green-ek antzezten duen pertsonaia honek, baina, arazo bikoitza du. Batetik, emakumea da, eta bizitzako beste esparruetan bezala bere profesionaltasuna sotilki ezbaian jarriko duten mikromatximoak jasan beharko ditu: hilekoa duela espazioan barneratzea edota emakumezko gorputzaren ustezko “ahultasunak” agerian utziko du ez dela astronauta-astronauta, baizik eta astronauta-emakumea.

Bigarrenik, badu zazpi urteko alaba. Ama da. Eta amatasuna berez emakumearen lanbide den gizarte-eredu batean, astronauta izateko karreran oztop gaineratu bilakatuko zaio. Ez hala Matt Dillon-en antzezten duen pertsonaiari: astronauta da bera ere (astronauta-astronauta), Martera doa eta baditu bi haur txiki, baina horiek amarekin geratuko dira. Arazorik ez, beraz.

Prentsaurrean, Winocour-ek filmaren bidez ama-alaben arteko maitasunaz hitz egin nahi izan duela esan du. «Harreman konplexua da inondik ere, espazioaren mundu hori bizitza bera baino handiagoa dela pentsa dezakegulako baina, nik, banatzeari, erruari buruz hitz egin nahi nuen, eta horri nola egiten zaion aurre. Emakumezko astronautaren ideia hori banuen buruan, ama supereroi bati buruz hitz egin nahi nuen, supereroiek ez baitituzte sekula haurrak izaten». Eta horregatik hautatu zuen Eva Green pertsonai nagusirako, «bera gerlari moduko bat baita. Eta protagonista gerlari bat, ama ere badena».

Hitza hartuta, bere pertsonaiaz aritu da Green. «Haseran bera eta Stella alaba oso saminduta daude elkarrengandik aldendu behar dutelako, baina amaieran konturatzen dira benetan maitasuna ikusezina den lotura bat dela, banatze hori eman dadin gaitzen gaituena». Winocour-en hitzetan, pertsonaiak erruduntasunari aurre egin behar dio bere ametsa (Martera joatea) bete nahi badu: «Ama mota asko ta oso ezberdinak daude eta, Matt Dillonen pertsonaiak esaten duen bezala, ez dago ama perfekturik. Nik uste dut oso ona dela hori ikustea. Amazona moduko emakume moduan ikusten dut nik pertsonaia hau».

Green-ek pertsonaia «asko» landu zuela esan du, bai fisikoki eta baita emozionalki ere. «Ederra da entseguak egiteko denbora edukitzea eta Alicek gure [Green eta alabaren papera egiten duen Zélie Boulant-Lemesle] arteko harremana benetakoa izatea nahi zuen», esan du, eta entrenamendu fisikoetarako kiroldegian denbora asko eta astronautak entrenatzen diren Star Cityn egindako egonaldia baliagarri izan zaizkiola esan du.

Amatasunaren tabua zineman

Normalki zinemagintzaren munduan amatasunaren gaia tabu izan dela ere uste du Winocour-ek. Supereroien adibideari jarraiki, Cat Womani ez zaiola seme-alabarik ezagutzen nabarmendu du, «baina hori gertatzen da haur horiek desbideratu egin ditugulako: mundu errealean badituzte haurrak eta, nahiz eta gauzak aldatzen ari diren, sentitzen dute erantzukizun hori, lotsa, beldurra, errua. Emakumeek badakite lanean esaten badute haurrak izango dituztela hori ahulezia moduan irakurriko dela, pentsa baitaiteke ez duzula lan nahiko ona egingo edo lehenago alde egin beharko duzula, adibidez».

Zinemak tabu horri heldu beharko liokeela gaineratu du. «Bada garaia hori aldatzeko eta zinemak horretaz hitz egiteko, haurrak izateaz, eta horrek emakumeekin daukan zerikusiaz».