NAIZ
BILBO

«Ez gaude salgai!», Harro! plataformaren erantzuna Pride eredua babesten dutenei

Harro! plataformak Pride ereduaren eta EPOAren bileraren aurkako manifestazioa egin du Bilbon. Bertan argi utzi dute ez daudela «salgai». «Ez gure izenean. Harro ez da Europride», nabarmendu dute.

Harro! plataformak deitutako manifestazioa. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Harro! plataformak deitutako manifestazioa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Harro!, Euskal Herriko TransMariBiBollo plataformak, ‘Harro ez da pride, ez gaude salgai. Gure izenean ez’ lelopean deitutako manifestazioa zeharkatu ditu gaur Bilboko kaleak. Bertan bildu direnek kritikatu dute Ortzadar LGTB eta Bilbao Turismoren jarrera. Izan ere, «burges hauek EPOAri (Europako Harrotasun Egunaren antolatzaileen elkartea) alfonbra gorri bat jarriz patrika diruz lepo beteko dien aliantza sortzeko asmoa dute haiekin. Nork daki, agian etorkizunean Bilbo ere Europrideko hautagaitzaren proposamena ez da oso urrun ibiliko».

Europridea Bilbon gauzatu ala ez, «hiri ireki eta 'progre'aren irudia salduko duen zuriketa honen tresna izatearen aurka gaude. Ikusgai dira, jada, honek dituen ondorioak: lehenik, bizilagunak baino turistak nahiago dituen hiri batean ematen diren dinamika gentrifikatzaileak kolektibo xume eta babesgabeenak jotzen ditu», nabarmendu dute, eta  kapitalismoan oinarritzen den eredua ez dutela nahi ohartarazi dute.

Eta, gogoratu dutenez, BilbaoReady markoaren barruan, EPOAren asanbladarekin batera, aste honetan Konferentzia Atlantikoa bildu da. Ekimen horretan eskubideez hitz egiten bada ere, Harroren ustez, «benetan gayfriendly hotelez eta merkatu hobira subjektu zehatz bat erakartzeaz» ari dira. «Subjektu hau gizon, gay, zuri eta, batez ere, burgesa da», salatu dute, eta «turismoaren esparrutik eta turismoa sustatzeko» egiten den ekimena dela esan dute, «40 urtez Euskal Herrian borrokan gabiltzan herri mugimenduetako kideoi zein kolektibo transmaribibolloko kideoi bizkarra emanez gauzatzen dena».

Pride ereduaren eta EPOAren bileraren aurka egindako deialdira 120tik gora elkarte, talde eta eragile batu direla gogoratu dute. «Talde baztertu bat garela esaten diguten hurrengoan, inor ordezkatzen ez dugula eta eraikitzaileak ez garela esaten diguten hurrengoan, BilbaoBizkaiaPride eta haren inguruan kokatzen diren komunikabideei gezurrez betetako ahoak itxiko dizkiegu», gaineratu dute.