Asier AIESTARAN

Olaizola II-Rezusta nagusitu dira atzelarien erakustaldian (22-16)

San Mateo Torneoko lehen partidan, Beñat Rezustak eta Jose Javier Zabaletak gaur egungio atzelari onenak direla erakutsi dute beste behin, eta aurrelariek oso aukera gutxi izan dituzte luzimendurako.

Zabaleta eta Rezusta egurrean jardun dira (Monika DEL VALLE / FOKU)
Zabaleta eta Rezusta egurrean jardun dira (Monika DEL VALLE / FOKU)

Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak lortu dute San Mateo Torneoko aurreneko garaipena, A multzoko partidan Victor eta Zabaletari 22-16 irabazi ostean. Neurketa oso gogorra izan da, 743 pilotakada eta 83 minutukoa, eta atzelariak izan dira protagonista.

Rezustak eta Zabaletak argi utzi dute beste behin gaur egungo atzelari onenak direla, jotzaileak eta defentsan ere bikain moldatzen direnak. Pilota oso bizi erabili dute eta ez diete aukerarik eman aurrelariei luzimendurako.

Sartu nahi eta ezin horretan, Aimar Olaizola Victor Esteban baino zuzenxeago aritu da, nahiz eta goizuetarrak ere zazpi tanto galdu dituen azkenerako. Aimarrek bederatzi tanto egin ditu, eta zazpi galdu; Victorrek hiru egin eta zortzi galdu.

Neurketaren lehen erdian gorriek alde politak izan dituzte: 6-1, 11-6 eta 14-8, adibidez. Baina urdinek dema 14-14 berdintzea lortu dute eta bazirudien lehia are eta gogorragoa izango zela. Baina azken txanpan uste baino azkarrago lortu dute sei tantoko partzial bat, azkenean 22-16 gailentzeko.

«Laukoteko onena Beñat Rezusta izan da. Bi atzelariak jotzaileak dira, dauden handienak seguru asko, eta gu aurrean sartu ezinik ibili gara. Ni ere ez naiz batere gustora jardun, baina Victorrek pilota gehixeago galdu ditu eta hor egon da aldea», aitortu du Olaizolak berak partida amaieran.