Maite Ubiria

Saindu Izpirituko zubia autoz hustu eta bestelako geroa irudikatu dute klimaren alde Baionan

Mila lagun inguru elkartu dira gaur arratsaldean Baionan klimaren larritasunaren aurrean neurriak hartzeko ordua dela aldarrikatzeko. Paul Bert plazatik abiatu den martxa Saindu Izpirituko zubian amaitu da. Bertan, egunerokotasunean autoek baliatzen dituzten errailak ekintzaileek okupatu dituzte. Oren batez gauzatu den zubiaren blokeoaren bidez bestelako etorkizuna eratzeko alternatibak egon badirela erakutsi dute.

 Ekintzaile batek Macronen potreta bat buruz behera erakutsi du jende artean. (Bob EDME)
Ekintzaile batek Macronen potreta bat buruz behera erakutsi du jende artean. (Bob EDME)

Atzo Fridaysforfuture ekimenaren baitan eginiko deialdiari so eginez ehunka ikasle bildu ziren, goizean goiz, Baionako karriketan. Gaur arratsaldean, berriz, Bizi! mugimenduak eta berarekin batera beste hamar bat elkartek –izan alderdiak, sindikatuak, talde ekologistak edo kultur eragileak– deituta klima larrialdiari aurre egiteko benetako politikak martxan jartzeko «presioa areagotzeko» prest badirela agerian utzi dute mila bat lagunek Lapurdiko hiriburuan.

Paul Bert plazatik abiatu da martxa. Buruan justiziaren soziala eta justizia klimatikoaren aldeko aldarrikapena uztartzen zuen banderola. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela zioen pankartak, eta, hain zuzen, martxa Baiona Tipitik Merkatuaren aldera igaro denean leloen bidez indartu dute hainbat manifestarik eskakizun hori. «Ez zaitezte gelditu guri begira, etor zaitezte gurekin» leloa lau haizetara zabaldu dute.

«1,2,3... gradu gehiago», planetak ezin duela beroegi efektuaren eragina gehiago pairatu adierazi dute ibilbidean zehar ekintzaileek, txapelak buruan eta ur botilak soinean zeramatzaten horietatik askok, gaur Baionan sargori handia egiten baitzuen.

Saindu Izpirituko zubiaren sarreran, ordurako, txaleko horia jantzita, hainbat lagun hesiak jartzeko lanean ari ziren, autoen trafikoa mozteko. Manifestariak hara heldu direnean, antolatzaileek ekimenaren arrazoiak azaldu dituzte.

Zubiaren moldaketa lanak burutu ostean, trafiko arau berriak ezarri zituen Herriko Etxeak. Hartara ezkerreko espaloia oinezkoentzat utzi zuen eskuinekoan bizikletentzako erraila bat ezarriz. Neurriak kexa handiak piztu ditu, eta Bizi taldeko Txetx Etxeberriren ustez «autoen trafikoa murrizteko aukera polita galdu da».

Taldeak errail bakarra uztea autoei, bestea autobusentzat gordez, galdegin du, eta eskakizun hori zubiaren blokeo sinboliko baten bitartez indartu du.

Ehunka eta ehunka herritar, ilaretan eseri dira bide gainean, autoari tokia murriztuz «hiria bizigarriago bilakatzen dela jendearentzat erakusteko», ekimenera familiarekin etorri den Nahia neska gazteak azaldu digunez.

Ekintzaileak txalo artean hartu dute blokeoaren baitan Macronen potreta buruz behera erakutsi duen ekintzailea. Aldi batera eta bestera erakutsi du herriko etxe batean hartutako erretratua. Berarekin batera, aurreko egunotan Lyoneko zigor auzitegian epaile batek potreten auzian lagun bi zigorrik gabe utziz hartu zuen erabakia izan da jendearen aldetik txakorik beroenak jaso duen aipamena.

Adin guztietako eta jatorri ezberdinetako jendean izan da gaur Baionan. Hartara, lagun artean Bretainiatik oporretan etorri den Gireg-ekin zubian bertan egin dugu topo. Bere herrialdean tradizio ekologista azkarra izanik ere, «Euskal Herrian tokiko dinamika eta aldarrikapen globala, lurraldetasuna eta justizia soziala eta ekologikoa uztartzeko lanak dezente aurrerago jo duela» nabarmendu du.

Beste espaloian, surf taula besopean eta gorputza margotuta zeraman Alves-ek nabarmendu duenez, «jarduteko ordua da, ez gure alde soilik, baizik eta gure seme-alaben etorkizuna irabazteko, baina horretarako onartu behar dugu ez garela lurra honen jabeak».

Emilie ezkor samar da; bere esanetan, «beranduegi da, planetan bizia desagertzen ari da». Hala eta guztiz ere, «gaur bezala bihar ere karrikara ateratzen segituko dut, ona baita gauzak aldatzeko grina duen jendearekin indarra batzea».