Asier AIESTARAN

Ezkurdiak eta Aretxabaletak oso indartsu ekin diote San Mateo Torneoari (22-5)

Arbizuko aurrelaria jaun eta jabe izan da hasieratik eta mota guztietako tantoak egin ditu. Victor eta Zabaleta oso pattal ibili dira, eta modu tristean esan diote agur lehiaketari.

Joseba Ezkurdia jaun eta jabe izan da gaur Logroñon (Idoia ZABALETA / FOKU)
Joseba Ezkurdia jaun eta jabe izan da gaur Logroñon (Idoia ZABALETA / FOKU)

Joseba Ezkurdia eta Andoni Aretxabaleta oso indartsu sartu dira aurtengo San Mateo Torneoan. A multzoko bigarren partidan, 22-5 menderatu dituzte Victor Esteban eta Jose Javier Zabaleta. Arbizuko aurrelariak nahi duen guztia egin du hasieratik eta bera izan da neurketako protagonista nagusia.

Victorrek eta Zabaletak irabazi beharra zuten aurreko larunbatean lehen norgehiagoka Aimar Olaizola eta Beñat Rezustaren aurka galdu ostean. Baina aurrelari errioxarra eta atzelari nafarra ez dira batere hurbildu orduan eman zuten mailara.

Zabaletaren kasua izan da bereziki. Larunbatean itxura ederra eman zuen, erasoan pilota asko atzeratuz eta defentsan pilota zailak jasoz, baina gaur pilota asko galdu ditu (markagailuak 10-4koa erakusten zuenerako sei galduak zituen etxarrendarrak). Eta Victorrek atzelariaren bertsio onenean ere tantoak amaitzeko arazoak baldin baditu, zer esan maila hori jaisten denean.

Emozio apur bat egon da 6-3 eta 8-4kora arte. Batez ere Adarragan bildutako zaleek nahi zuten partida parekatuagoa ikusi, eta etxeko aurrelariari animoak ematen saiatu dira behin eta berriz. Baina 8-4ko horretatik aurrera 14-1eko partziala etorri da, dema aitaren batean amaituz.

Neurketa Joseba Ezkurdiaren erakustaldi hutsa bilakatu da une horretatik aurrera, eta Arbizukoak kolore guztietako tantoak egin ditu: dejadaz, atzean, moztuta, txokoan beste mordo bat... Eta hain zuzen ere txokoan bukatutako tanto batekin amaitu du norgehiagoka nafarrak.

Finalean egon nahi badute, ordea, gaurkoa azkar ahaztu eta ostegunean Olaizola eta Rezustaren aurka irabazi beharra daukate. Bakoitzak garaipen bat duenez, dema hori irabazten duena sailkatuko da igandeko finalera.