NAIZ
Donostia

Gipuzkoako erresidentzietako langileek ekintza alternatiboak antolatu dituzte

ELAk deitutako hilabete bateko grebaren baitan, Gipuzkoako erresidentzietako langileak ekintza alternatiboak burutzen dabiltza aste honetan. Donostiako Zinemaldiaren oihartzuna baliatuz, Maria Cristina hotel ingurura hurbildu dira eta Leticia Dolera aktore eta zuzendariarekin egin dute argazkia.

Gipuzkoako erresidentzietako bi langile Leticia Dolera aktorearekin Maria Cristina hotelean.(NAIZ)
Gipuzkoako erresidentzietako bi langile Leticia Dolera aktorearekin Maria Cristina hotelean.(NAIZ)

Hilaren 19an hasi zen ELAk iragarri duen hilabete bateko greba egutegia Gipuzkoako zahar egoitzetan eta aste honetan ekintza desberdinak antolatu dituzte. Donostiako Zinemaldiaren oihartzuna aprobetxatzeko, astelehen honetan Maria Cristina hotel ingurura hurbildu dira beraien ekintzetako kartel eta guzti. Bertan, Leticia Dolera aktorearekin atera dute argazkia.

Ekintza hauek «gizarteratzea» bezala deitu dituzte, arazoa ikustarazteko asmoz; enkartelada ere egingo dute egunean zehar.

Astean zehar, Saguesen kokatu duten karpa batean film ezberdinen proiekzioa eskainiko dute. "Karpa zaintzaldia" izena jarri diote guneari eta «Erresidentzietako zinemaldia alternatiboa» ospatuko dute asteazkenetik ostiralera bitartean.

Asteazkenean, hain zuzen ere, manifestazio bat ere deitu dute. Kursaalean hasiko dute martxa goizeko 11.30etan eta Saguesen bukatuko dute, amaieran «besarkada feminista» egiteko.

Igandeari dagokionez, kontzertuak, film emanaldia, sariak eta ekintza aldarrikatzaileak egingo dituztela iragarri du ELAk.

Urriaren 18ra bitartean

Urriaren 18an bukatuko da ELAk iragarritako 30 eguneko grebaldi hau eta konponbiderik ez balego, ez dute baztertzen aurrerago grebekin jarraitzea. Hilabeteko greba hau bukatzen denean, guztira 188 greba egun beteko dituzte Gipuzkoako erresidentzietako langileek.

Hitzarmenaren negoziazio blokeatuta dago duela bi urtetik. ELA da sektorean gehiengoa duen sindikatua eta mahai-negoziatzailetik at akordio bat sinatu zuen bi patronalekin –Matia 2020 eta Adegirekin–. Hau «faltsifikatzea» eta «prekarietataren aldeko apustua» egitea egotzi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Era berean, aurpegiratzen diote aurten, Lakuako lan zuzendaritzak deitutako bilerara ez bertaratzea, «gatazkaren alde guztiak bertan ginelarik. Errespetu falta itzela izan zen bai bertan gaudenontzat, baita familiarrentzat ere».