NAIZ
Interview
Xabier Gallastegi ‘Xagu’
Iheskide taldeko ahotsa eta gitarra

Iheskide: «Hatortxu Rocken itzuliko gara»

2016 urte hasieran eten zuen ibilbidea Iheskide taldeak. «Hutsunea» sumatu dute denbora honetan zehar eta oholtzara itzultzeko prest daude. Oraingoz, hartu duten erabaki bakarra aurtengo Hatortxu Rocken itzulera egitea da. «Bertan, aldarrikatuz, gozatu eta gozarazi nahi dugu». Hortik aurrerakoak, «auskalo».

Hatortxu Rocken itzuliko da Iheskide taldea. (NAIZ)
Hatortxu Rocken itzuliko da Iheskide taldea. (NAIZ)

Lau urte bafleak itzuli zenituztenetik. Amaitu da etenaldia, ezta?
Bai, hala da. Abenduaren 28an Hatortxu Rocken itzuliko da Iheskide. Azkenaldian hainbatetan elkartu gara entsegu lokalean, lagun artean zarata apur bat egiteko asmotan, inongo aurreikuspenik gabe, baina aitortu behar dugu kantak jotzerakoan izan ditugun sentsazioek asko lagundu digutela Hatortxutik jasotako proposamena onartzeko orduan.

Hatortxu hautatu duzue itzulera egiteko.
Jaialdi berezi eta erreferentetzat dugu. Alde batetik, gure pasioa den musika eta bestetik, errepresaliatuenganako dugun sentsibilitatea uztartzen dituelako. Musikarioi elkartasun hori adierazteko aukera paregabea eskaintzen digu jaialdiak.

Zerk eraman zintuzten lau urteko etenaldi honetara?
Egunerokotasuneko faktore ezberdinek eta generamatzan erritmo bizi eta kontrajarriek taldearen oinarriak eta konplizitateak bigarren plano batean utzi zituzten, egoera erabat tenkatuz gelditzeko erabakia hartu genuen arte.

Eta zerk piztu du berriz Iheskide?
Sarritan, zerbait edo norbait faltan duzun arte ez duzu behar beste baloratzen uzten dizun hutsunea. Hori bera gertatu zaigu guri. Urte hauek igarota, oinarri eta konplizitate horietara jotzeko beharra sumatu dugu. Horretan sustengatzen da Iheskide.

Zer ikusiko du oholtza gainean Hatortxura doanak?
Barne-barnetik leherraraziko dugun sentimendu, konpromiso eta amorruz osatutako deiadar eta doinuen eztanda.

Itzulera hau egun bakarreko zerbait izanen da edo etorkizunera ere begiratzen duzue talde moduan?
Erabakia Hatortxu Rocken 23. edizioko kontzertua egitearena da. Bertan, aldarrikatuz, gozatu eta gozarazi nahi dugu. Hortik aurrerakoak, auskalo.

Abesti berririk entzun ahal izanen dugu?
Kaleratu berri genuen disko baten aurkezpenaren hastapenetan eten genuen ibilbidea, ondorioz, berri kutsua duten kantak dira. Ordutik, taldeak ez du ezer berririk konposatu.

Duela 10 urte ‘Partida ez da bukatu’ abestia ezagutu genuen. Gauza bera esan dezakegu 2019an?
Zalantzarik gabe. Hatortxuren 23. edizio honek hala adierazten du. Tamalez, espetxeetan zein erbestean, beste hainbat arlotan bezala, egoerak gutxi du onetik eta partidak aurrera jarraitzen duela oihukatzeko adina arrazoik lehen lerroan jarraitzen dute.