NAIZ
Lizartza

Agourrek gaztandegi berria ireki du Lizartzan, Gipuzkoako lehena

Agourrek gaztandegi berri bat ireki du Lizartzan. «Gipuzkoan sustraitzera» datorrela adierazi du gaztandegiko presidente Peio Etxelekuk. Heletan eta Iratin gaztandegi bana du Agourrek. Gipuzkoan ireki duen aurrenekoa da Lizartzakoa.

Lizartzako industrialdegian ireki du gaztandegi berria Agourrek.(Gorka RUBIO / FOKU)
Lizartzako industrialdegian ireki du gaztandegi berria Agourrek.(Gorka RUBIO / FOKU)

Agour duela 37 urte Heletan (Nafarroa Beherea) sortu zen gaztandegia da. Gutxika hazten joan eta bigarren gaztandegia ireki zuen Iratin. Astearte honetan, Lizartzara egin du jauzi. «Gipuzkoa sustraitzera dator», adierazi du gaztandegiko presidente Peio Etxelekuk.

Astearte honetan egin dute irekiera ekitaldia eta bertan zehaztu dute Idiazabal gazta egingo dutela Lizartzan eta horrela, Ossau-Iraty sor marka duen gaztaren ekoizpenera batuz, lehenak bilakatuko dira bi jatorri izendapen hauek dituen gaztak egiten.

Gaztandegi berri honekin, Euskal Herriko produktuak eskaini, bertako ekonomia sustatu eta enplegu jasangarria sortuko du Tolosaldean. Eskualde honetan inpaktu positiboa edukiko duelakoan daude arduradunak: «Gure gaztandegiaren irekierak enplegu berriak sortuko ditu eta, orotara, hamabi lanpostu sortzea aurreikusten lau urteko epean». Honez gain, Peio Etxelekuk nabarmendu duenez, «hegoaldeko ardi esnea bertan hartuko dugu; Tolosaldeko zonaldearentzat onura sozioekonomioak ekarriko ditu gure gaztandegiaren irekierak».

Ossau-Iraty sor-markako gazta ekoitzi izan du orain arte Agourrek eta Lizartzako gaztandegiaren irekierarekin Idiazabal gazta ere ekoitziko dute: «Esperimentazioa eta berrikuntzaren aldekoak gara eta horren adibide da prozesu teknologiko ezberdin eta zail batetik gazta urdina ekoitzen hasiko garela».

Ekitaldian parte hartu dute Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari Xabier Arrutik, Idiazabal Jatorri Izendapeneko presidente Jose Mari Ustarrozek, Agour gaztandegiko presidente Peio Etxelekuk eta zuzendari orokor Jon Ander Torrek.

World Cheese Awards txapelketako sariak

Agourrek 150 ardien esnea erabilzten du gazta egiteko; horietatik 130 Iparraldekoak dira eta 20, Hegoaldekoak.

Bi urtean, 2006 eta 2011n, munduko gazta onenen World Cheese Awards txapelketan urrezko domina eskuratu zuen. 2016. urtean, zilarrezko domina lortu zuen.

Mundu guztira esportatzen ditu produktuak; besteak beste, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Korean, Alemanian, Herbehereetan, Australian, Filipinetan, Txilen edo Japonen aurkitu daitezke Agour markako produktuak.