NAIZ
Hondarribia

Alardea XXI. mendera egokitu eta emakumeen eskubideak bermatzea eskatu du gazte multzo batek

Alardean parte hartzen duten gazte multzo zabalak ‘Guztion Alardea’ manifestua irakurri zuen igande honetan Hondarribian. «Alardearen etorkizuna ziurtatu nahi baldin badugu, XXI. mendeak eskatzen dituen aldaketak bermatu beharko» dituztela nabarmentzen dute eta beraz, emakumeen eskubideak errespetatzea eskatu dute.

Guztion Alardea manifestua sinatu duten norbanakoen argazkia.
Guztion Alardea manifestua sinatu duten norbanakoen argazkia.

Alardean parte hartzen duten «gazte multzo zabalak» ‘Guztion Alardea’ manifestua irakurri zuen. Alardea «maite» dutela nabarmenduz, ospakizuna «modu osasuntsuan» bizi nahi duten norbanakoek egituratu zuten testua. Horien artean aurkitzen dira «kantinera izandakoak, Alardean ateratzen garen gizonezkoak eta espaloietatik Alardea ikusten eta animatzen dugun jende ezberdinak».

Horregatik, hain zuzen, gatazkari konponbidea bilatzeko prest agertu ziren. Egin duten hasierako hausnarketa baten ondotik, ondorioztatu dute «gaur egungo errealitateak Alardearen hondatzea eta kaltetzea besterik ez dakarrela», eta honen etorkizuna kolokan ikusten dute.

«Argi dago gaur egungo Alardea mendeetan zehar emandako aldaketa askoren emaitza dela, eta aldaketa konstante horri esker mantendu dugula gaur egun arte. Beraz, Alardearen etorkizuna ziurtatu nahi baldin badugu, XXI. mendeak eskatzen dituen aldaketak bermatu beharko ditugu guztion artean», adierazi zuten. 

«Hondarribiko emakume bakar batek Alardean modu batean zein bestean dela parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa duela iruditzen zaigu», azpimarratu zuten eta atxiki zuten «bakoitzak bere aukera modu askean egitea dela gatazka honi amaiera emateko modu bakarra».

Ñabartzen dute gazte askok sinatu dutela manifestua eta beraz, ez dutela ezagutu istilurik gabeko Alardea: «Gutako askorentzat hasieratik egun horrekin lotutako hainbat oroitzapen gatazka egoeratan emandakoak direla».

Orain sentitzen dute, urte gogor horietan parte hartze zuzena ez izateagatik, «gure belaunaldietan elkar ulertzeko aukerak handiak direla». Afera konponbidera eramaten saiatzeko, ekarpenak, iradokizunak eta atxikimenduak jasotzeko prest agertu dira. Elkarrizketa gunea sortzeko helburua dute eta Alarde Fundazioari bilera bat egiteko eskaria helarazi diote.