NAIZ

Salinas eta Oses ez dira Huerta de Peraltako grebarekin lotutako epaiketara agertu

Imanol Salinas eta Jose Javier Oses LABeko kideak ez dira beren aurkako epaiketara azaldu. Bertan, Fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra eskatzen du Huerta de Peraltako greban eginiko protesta ekintza baketsu batengatik. Horri erantzuteko, sindikatuko eta hainbat kolektibo sozialetako lagunek dozenaka autoinkulpazio idatzi erregistratu dituzte Iruñeko epaitegian.

LABeko eta hainbat kolektibo sozialetako lagunek autoinkulpazio idatzia erregistratu dute epaitegian, Oses eta Salinas babesteko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
LABeko eta hainbat kolektibo sozialetako lagunek autoinkulpazio idatzia erregistratu dute epaitegian, Oses eta Salinas babesteko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Jose Javier Oses eta Imanol Salinas LABeko kideak ez dira beren kontrako epaiketara agertu. Horren ordez, sindikatuko eta hainbat kolektibo sozialetako lagunek dozenaka autoinkulpazio idatzi aurkeztu dituzte Iruñeko epaitegietan. 

 

«Prekaritate erregimenaren epaitegian hitzordua genuen gaur. Prekarietate erregimenaz ari garenean CEN, haien Foruzaingoa, haien fiskal zein epaile eta haien mesedetan dauden alderdi politiko zein sindikatuez ari gara. Haiek epaitu behar genituen langileak zapaltzeagatik, ez sindikalistak», adierazi dute Salinasek eta Osesek.

Salinas eta Oses epaiketara deituak zeuden Huerta de Peraltako greban egindako ekintza baketsu batengatik, baina, irailean iragarri zuten bezala, ez dira agertu, eta ohar batean azaldu dituzte arrazoiak.

Nagusiki, hiru dira: «Huerta de Peralta enpresaren sarreran furgoneta bat gurutzatzea guztiz beharrezkoa izan zen, greba egiteko eskubidearen urraketa gelditzeko; justizia ezaren aurrean desobedientzia zilegi da; eta ez da bidezkoa lantokietan irabazitako borrokak epaitegi penaletara eramatea».

Lehenengo arrazoiari dagokionez, Huerta de Peraltan enpresak greba eskubidea urratzen zuela baieztatu dute sindikalistek. «Foruzaingoak, besteak beste, grebalariak ilegalki ordezkatzen zirela jakinda, eskirolei eskolta jartzen zien, Almeriatik produktua ilegalki enpresara sartzen lagundu eta greba komiteari enpresara sartzea debekatzen zion».

Bigarrenari buruz, «epaiketa eta zigor injustuen aurrean desobedientziarekin erantzungo dugu», agertu dute, «justizia ezaren aurrean desobedientzia beharrezkoa delako».

Hirugarrenik, borroka sindikala arrakastatsua izan zela eta enpresa akordio batera iristera behartu zutela nabarmendu dute. «Aldiz, Fiskaltzak zein Foruzaingoak, espetxe zigorren bidez, grebetan ekintza sindikal desobedienteak irabazi zuena galarazi nahi dute».

«Abdenaliben kasuan akordio bat behartu zen presio sozialari esker. San Giovesare kasuan epaiketara joan zen, defentsa juridikoa egin zen eta 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Emilio Labella epaileak Imanol Salinas sindikalistari», oroitu dute. Azkenean 450 euroko isuna ezarri zioten, helegitea onartuta.

Epaileak patronalaren mesedetan daudela eta zigorrak aldez aurretik idatziak daudela erantsi dute Salinasek eta Osesek. «Hauek gainditzeko, aktibazio zein presio soziala baino ez dago, San Giovesan argi ikusi den bezala. Presio horri esker, Imanol kalean dago. Mobilizazioek atzera bota dute Labellaren ebazpena, eta helegiteak jarritako zigorra isun batean utzi dute».

Azpimarratu dutenez, argi geratu da injustiziaren aurrean jarrera desobedienteak beharrezko bezain eraginkorrak direla. Horregatik, bide hori jorratzen jarraituko dute.