Naiz

Berri Txarrak taldeak gaztetxe eta areto txikietan kontzertuak eskainiko ditu urrian

Berri Txarrak taldeak zazpi kontzertu iragarri ditu urria amaierara arte. Amurrio, Baiona, Elorrio, Getxo, Bermeo, Hernani eta Larragan izango dira, gaztetxe eta areto txikietan.

Berri Txarrak taldeko kideak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Berri Txarrak taldeko kideak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Berri Txarrak taldeak Twitter bidez zabaldu du herriz herri areto txiki eta gaztetxetan kontzertuak eskainiko dituela. Emanaldiak urriaren 18an hasiko dira eta hilabete amaierara arte luzatuko dira.

Getxo, Bermeo, Hernani eta Larragako kontzertuetarako sarrerak igande honetan jarriko dira salgai, 19.00etan, internet bidezko Wegow plataformaren bitartez. Pertsona bakoitzak launa sarrera eskuratu ahal izango ditu. Bestalde, Amurrio, Baiona eta Elorrioko ikuskizunetara joan ahal izateko aretoan bertan salduko dira txartelak, igandean ere bai, eta bakoitzak bi erosi ahal izango ditu.

Kontzertuen datak eta orduak honakoak izango dira: Amurrioko Burubio kultur elkartea urriaren 18an, 21.00etan (15 euro); Baionako Zizpa gaztetxean urriaren 19an, 21.30etan (10 euro); Elorrioko gaztetxean urriaren 20an, 20.00etan (10 euro); Getxoko Muxikebarrin urriaren 24an, 21.00etan (15 euro); Bermeoko kafe antzokian urriaren 25ean, 21.00etan (19,95 euro); Hernaniko Oialume biltokian urriaren 26an, 21.30etan (19,95 euro); eta Larragako La Lagunan urriaren 27an, 20.00etan (15 euro). 

Taldeak azaldu duenez, udaberrian egin zuten Beude azpibiran hainbat leku kanpoan gertatu ziren eta horietan jo nahi zuten urtea amaitu aurretik. Hala, tartea egin diete Ikusi Arte Tour amaiera biran murgilduta daudela.

Azaro hasieran Bartzelonan eta Madrilen izango dira, eta amaieran Iruñean bi kontzertu eskainiko dituzte. Horietarako sarrerak salgai jarri eta beherala amaitu ziren, eta gaur iragarri dituzten kontzertuekin ere berdina gertatuko dela dirudi.